Euskaldunon harremanetarako webgunea da Kaixomaitia.eus, 2007an sortua, Interneten erabilera eta ligatzeko aplikazioak horren hedatuta ez zeudenean. "Meetic, Match eta horrelakoak martxan zeuden, baina Tinderra oraindik ez", kokatu du Iñigo Arandia Kaixomaitiaren sortzaile eta bazkideak.
Ordutik asko aldatu dira gure harremantzeko moduak. Arandaren iritziz, Interneten hedatzea eta mugikorreko aplikazioen ugaltzea gakoak dira bilakaera ulertzeko: "Gero eta gauza gehiago egiten ditugu Internet bidez, musika entzun, erosketak, banku-operazioak€ eta baita harremanak ere". Horrela, lehen tabu ziren Internet bidezko harremanak "nahiko normalizatuta" daudela uste du.
Baina, Kaixomaitia ez da jendea harremanetan jartzeko webgune soil bat, era askotako edukiak sortzen dituen sarea baizik, harreman sexualen eta afektiboen inguruan eta euskaraz. 2016an bloga jarri zuten martxan, bi atal nagusirekin: alde batetik, kontaketa erotikoen txokoa, eta, bestetik, orotariko iruzkinak eta artikuluak elkarbanatzekoa.
Sexu inkesta deitutako 'Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa' bi ere egin dituzte, 2016an eta 2020an hurrenez hurren. 2020, izan ere, berrikuntza urtea izan da atariarentzat. Aipatutako ikerketaz gain, Kaixomaitiaren aplikazioa berritu zuten eta Kontaketa Erotikoen Lehiaketa antolatu zuten lehen aldiz, azken hau Elkar argitaletxearen babesean.
Azaroan jarri zuten martxan lehiaketa eta bost asteko epea bukatuta, sorpresa handia hartu zuten antolatzaileek. Arandiak ezin izan du poztasuna ezkutatu: "Arrakasta izugarria izan da, 83 idazlek hartu dute parte eta oso testu onak jaso ditugu. Oso pozik gaude egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin".
Epaimahaikideek lan handia izan dute irabazleak hautatzen. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editore eta idazleak eta Arandiak berak izan dute lan horren ardura. Sariak zortzi finalistari eta lehiaketaren oinarriak betetzen ez zituzten baina "egindako lanagatik aitortza merezi zuten" bi partaideri eman zizkieten martxoaren 13an Donostian egindako ekitaldian. Ander Varelak eta Galder Guenagak jaso zuten aipamen hori, eta beste bost finalistekin batera Elkarren 100 euroko opari txartela eta liburu sorta bana jaso zituzten: Garazi Basterretxea, Perlata Kolektiboa, Maider Barañano, Maddi Loiti eta Hegoa Alvarez Zorroza. Hirugarren eta bigarren sailkatuak, ordea, Joxemari Urteaga eta Irati Goikoetxea izan ziren, Metro bateko tartea eta Gizarte egitura lanei esker, eta aurreko sariaz gain, 250 eta 500 euro jaso zituzten. Lehen postua Karlos Aretxabaleta 'Txapel'-entzat izan zen Adiorik ez kontaketagatik. Aretxabaletak 1.000 euro eraman zituen patrikara. Aipatutako idazle guztien testuak Kaixomaitia.eus blogean irakur daitezke.
Txapelaren jabea
"Itxaropen handirik gabe" joan zen Karlos Aretxabaleta 'Txapel' sari banaketara. Konforme zegoen aurkeztutako lanarekin, baina ez zuen uste "horren lehiakorra" zenik. Sariak banatu ahala joan zen horretaz jabetzen, baina "sinesgaitza" zitzaion Joxemari Urteaga eta Irati Goikoetxearen ibilbide literarioa ikusita bera parean egotea. "Niretzako euren aldamenean egotea da aitortzarik onena", kontatu du.
Aritua da pasarte erotikoak idazten, Gaztezulo aldizkarian genero horretako testuak argitaratzen baititu. Adiorik ez kontakizunaren inspirazioa, aldiz, ez zitzaion testuinguru beroan etorri. Urri aldera, aitite hilzorian zuela, bisita batean hasi zen idazten. "Berak kontatutako frankismo garaiko bizipenak etorri zitzaizkidan burura eta idazten hasi nintzen". Hasieran nobela beltzaren kutsua zuen, baina lerroak idatzi ahala kutsu erotikoarekin borobiltzea ebatzi zuen.
Horregatik, eta hautu propioz, noski, kontaketaren testuinguruak pasarte erotikoak baino pisu handiagoa dauka. Ez du zehazten non eta noiz gertatu zen, baina jakintzat eman daiteke frankismo garaian kokatuta dagoela, diktadura batean behintzat, eta protagonistak ETAko kideak direla. "Idazterakoan hemengo gatazka neukan buruan, baina nahi nuen edozein irakurlek askatasuna izatea bere buruan kokatzeko", argitu du autoreak.
Nobela beltzetik eta Isabel Allende edo Gabriel García Márquez bezalako idazleengandik asko edaten duela aitortu du. "Diktadurei buruz ari direnenean ez dute inoiz esaten garaia eta epea", eta berdin egin du berak, frankismoan kokatuz istorioa baina zuzenean esan gabe.
Testuaren lehen zirriborroa egina zuela gehitu zion kutsu erotikoa. Gustatzen zaio eszena erotikoekin kontakizunak borobiltzea, "estasia" izan daitezen, nolabait esateko. "Askotan ematen du literatura erotikoak ia pornografikoa izan behar duela, baina nik uste dut testuinguruak erotismoa jantzi egiten duela", argitu du.