Tibeteko errefuxiatuak
Indiako iparraldean finkatu da iheslari tibetarren babesleku nagusia. Tibetetik milaka pertsonak egin dute hanka azken hamarkadetan eta Dharamsalan eraiki dituzte haien herrixken erreplika txikiak. Dalai-lamak ere bertan ezarri du bizitokia
KKUSANG eta Kunga Tenzin anaiek bakarrik bizitzen ikasi dute. Txiki-txikitatik, gurasoen etxea utzi zutenetik, elkarri lagunduz egin dute bidea. Izan ere, bi anaiak haurrak ziren Tibetetik alde egin zutenean. 11 urte zituztela, gurasoek motxilak prestatu zizkieten eta exodora animatu zituzten. Indiara iristea ez zen batere erreza izan, ordea. Himalaia elurtua zeharkatu eta Nepalera heldu ondotik, ekialdetik mendebaldera gurutzatu behar izan zuten herrialdea. Eta hala, Dharamsalako Macleod Ganj auzora iritsi ziren, bi mila metroko altueran dagoen komunitate ederrera.
Tibetar errefuxiatuen bizitokian espiritualtasuna arnasten da. Bertan bat egiten dute fraide budistek, tibetar errefuxiatuek eta turistek. Hala, Tenzin anaiek Dharamsalako gazte gehienakordezkatzen dituzte. “Primeran gogoratzen dut Macleod Ganjera iritsi ginen eguna. Oso nekatuta geunden. Heldu ginenean harrera- etxe batera eraman gintuzten eta hurrengo egunean eskolan hasi ginen”, adierazi du Kungak. Tenzintarren ikaskide gehienak umezurtzak ziren, baita gurasorik gabe bidaiatu zuten haur iheslariak ere.
Eta aurrera egin ahala, Kusang eta Kunga Dharamsalako komunitate tibetarreko kide bihurtu dira. Bi anaiek argazkilaritzan aurkitu dute adierazpide nagusia eta Hope (itxaropena) izeneko argazki galeria sortu dute. “Komunitate tibetarrari laguntzeko plataforma bat da, batik bat, argazkilaritza gazteengana zabaltzeko, gure kultura mantentzeko eta Tibeteko gatazka nazioartean ezagutzera emateko”, adierazi du Jayang izeneko beste argazkilari batek.
Izan ere, Txinak Tibeten ezarri duen errepresio-politikak hildako andana utzi ditu azken hamarkadetan. Pekinek 1949an Tibeteko probintziak indarrez okupatu zituenetik, ehunka erritar dira kartzelan amaitu dutenak edota arrastorik utzi gabe desagertu direnak. “Tibeten guztiz debekatuta daude bertako kultura, erlijioa eta hizkuntza”, diosku Kungak. Hala, kopuru zehatzak ezagutzen ez diren arren, fraide eta moja askok beren burua erre dute, protesta gisa. Zapalkuntzari aurre egiteko modu bakarra erbestea bihurtu da, eta benetako independentzia lortzeko ametsak desagertu egin dira.
Tibeteko erbesteko gobernua ere Mcleod Ganjen dago, eta bertan bizi da Dalai-lama. Halere, herritarrek gutxitan ikusten dute Tenzin Gyatso bertako kaleetatik paseatzen. Txinari oposizioa egiten jarraitzen duen lider espiritualak, Indian baino, nazioartean dauka oihartzun handiagoa, eta ohikoagoa da Dalai-lama New Yorken edo Parisen ikustea, Macleod Ganjen baino. 2011n, gainera, tibetarren buruzagitza politikoa utzi zuen eta egun erdibidekoirtenbidearen defendatzaile sutsua da. Dalai-lamak nahiago du txinatar konstituzioarekin bat datorren autonomia bat hezurmamitzea.
Edonola ere, Indian babes politikoa eskuratu duten errefuxiatu tibetarrak oso ondo antolatuta daude. Erbesteko gobernuak ume iheslarientzako bekak sortu ditu eta askok unibertsitate ikasketak egin ahal izan dituzte. Tenzin anaiak eta Jayang dira horietako batzuk. “New Delhin Arte Ederrak ikasi genituen eta horren ondoren argazkilaritzan murgildu ginen”, gogoratu du Jayangek. Baina denborarekin Dharamsalara itzuli dira, eta txikitan jaso zuten harrera beroa eman diete iritsi berriak diren haur errefuxiatuei. Bi anaien argazkilaritza tailerrak oso ospetsuak dira komunitatean.
Kusangek eta Kungak, ordea, argi diote etxekoen falta handia sumatzen dutela. Bi anaiei ondoez handia eragiten die erbesteak. “15 urte daramagu gurasoen berririk izan gabe. Txinak zigortu egiten ditu umeak atzerrira bidaltzen dituzten familiak”, azaldu du Jayangek. Halere, Macleod Ganjen etxe berri bat eraiki dute, eta, tibetar errefuxiatuz beteriko txoko ahaztu honetan, babestuta sentitzen dira.