Orain dela hiru urte abiatu zen TAOM estudioaren proiektua eta gaur egun hainbat diziplina ezberdinen elkargunea da: ikus-entzunezko ekoiztetxea, musika estudioa eta publizitate agentzia ere bada. Guzti honen koordinatzailea da Jagoba Ormaetxea musikari eta ekoizlea. “Ni konbentzituta nengoen. Banekien arlo hauen guztien fusioa zela biderik onena. Niri, estudioan lan egiteak guztiz motibatzen nau, dela grabatzen, konposatzen edo ekoizten”, jakinarazi du.
Musika eta audioaren inguruko kontu guztiak kudeatzeaz arduratzen da Ormaetxea eta baita TAOM-en koordinazioaz ere. Izan ere, musika munduari lotuta egon da bere bizitza gazte-gaztetatik. Umetan hasi zituen gitarra eta piano ikasketak Bilboko kontserbatorioan, eta erdi mailako gradua atera eta gero, jazz-a, musika garaikidea eta ekoizpen musikala ikasi zituen Londres eta Bartzelona artean. 18 urterekin lehen soinu banda konposatu zuen Madrileko produkzio-etxe batentzat. Ondoren, irakaskuntzara egin zuen salto, eta gitarra, pianoa eta musika ikasgaien klaseak ematen hasi zen hainbat eskolatan. 24 urte zituela, musika ekoizpenean bere lehen pausoak eman zituen J.O. Studios sortuz, eta pare bat urte beranduago, bere gaur egungo estudioari ekin zionean, musika klaseak alde batera uztea erabaki zuen.
Urte guzti horietan hainbat talde, artista eta proiektu pasa dira Ormaetxearen eskuetatik: Manuel Carrasco, Ainhoa Cantalapiedra, Rosana... Euskal Herriko hainbat talderekin ere lan egin izan du, Enkore, Hesian eta Vendettarekin, besteak beste. Hainbat bideoklip ere egin ditu: Gatibu, Enkore, John Berkhout, Rural Zombies, Grises, Andres Suarez, Eraso edo Skasti bezalako taldeentzat, beste batzuen artean.
Aldaketa konstantean
Musika ekoizpenaren gaur egungo egoerari buruz galdetuta, “denetarik” dagoela dio Ormaetxeak, baina gauza bat argi badu, hori musikaren mundua arlo guztietan aldatzen ari dela da: grabazioak, ekoizteko moduak, mundu digitala, auto-ekoizpenak... “Egun, gauza gutxirekin asko lortu dezakezu. Ia dena gure esku dago, baliabideak nola erabili ikasi beharra dago, besterik ez”. Musika ekoizpenaren etorkizunari buruz baikorra da Ormaetxea. “Etorkizun ona ikusten dut; gazteak oso prestatuta datoz eta, gainera, talentu askorekin lagunduta. Uste dut gaur egun ezagutzen ditugun musika estudio handi eta garran-tzitsuak gutxika desagertzen joango direla, oraingo lan egiteko erara moldatzen ez badira behintzat”.
Oso tarte laburrean hiru kide izatetik zortzi laguneko lantaldea izatera pasatu dira TAOM estudioan. “Gauzak bide egokian” doazen seinale dela hori dio Ormaetxeak. Dena den, bere esanetan, besteengandik ezberdintzea izaten da erronka handiena lan esparru askotan, eta sektore honetan ere gauza bera gertatzen dela uste du. “Arlo ezberdin askotan ondo prestatuta gaude eta musika proiektu bat hasieratik amaierara koordinatzeko gai gara”, azaldu du. Izan ere, ekoizpen, konponketa eta grabaketa lanetan esperientzia luzea du Ormaetxeak, eta baita zuzeneko eta estudioko musikari gisa ere. Horrez gain, amaierako produktua merkatuan kokatzen jakiteak ere garrantzia duela azpimarratu du. Baina, funtsean, “garrantzitsuena pertsona” dela uste du, hau da, “bakoitzak dituen baliabideak erabiltzeko duen modua eta artea transmititzeko era. Euskal Herrian kalitatezko hainbat estudio eta musikari daude, baina ezberdintzen gaituena da nola irudikatzen dugun barnean daukagun ezagutza. Gure lanak ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko”, gaineratu du ekoizle gazteak.
Musikan, aintzindari
Mundu mailan oraingoz oso gutxi landu den 360 graduko musika konposatzen hasi da Ormaetxea. Zineman edota 6.1 soinu sistema batekin entzun daitekeen soinua musikari aplikatzean datza hau, baina bozgorailuetatik izan beharrean, aurikularrekin. “Imajinatu musika tresna bakoitzak bere tokia duela, eta, horrez gain, aurretik atzera zein goitik behera mugitu daitekeela. Estereo sentsazio batekin ezin daiteke hori lortu eta horretarako teknika konkretu batzuk erabili behar dira grabazioan, soinu tratamenduan zein nahasketan”, azaldu du Ormaetxeak. “Momentuz, nik dakidanez, ez da merkatura atera 360 gradutan egindako musika diskorik. Muse taldeak zuzeneko bat grabatu du orain dela gutxi, baina gehiagorik ez”, gehitu du.
Berrikuntza eta garapenaren aldeko apustuarekin jarraituz, 3D 360 graduko bideoak lantzen ere hasiko da TAOM, hau da, hiru dimentsioko perspektiba duten bideoak ekoizten. Teknika honek urte gutxi batzuk baino ez darama-tza merkatuan, eta teknologia horiek aplikatzeko era ezberdinak ezagutzeke daudela dio Ormaetxeak. “3D betaurrekoak erabiliz errealitate berri batean sartu zaitezke eta esperientzia berri bat bizi. Nahi duzun guztia sortu dezakezu. Guk turismora bideratuko dugun arren, medikuntza edota arkitektura arloetan ere erabiltzen da”, jakinarazi du. “Azken batean, esperientzia berrien mundua sor-tzear dago eta bertan lekutxo bat topatu ahal badugu, ezin hobeto”, adierazi du Ormaetxeak.
Etorkizuna teknologia berriak direla dirudien momentu honetan, kontrako irakurketak ere badaudela kontatu du ekoizleak. “Badirudi musikan teknologia erabiltzeak alfertu egiten gaituela, baina teknologia gure alde erabili behar dugulakoan nago ni, horri esker azkarrago egiten baitugu lan, emaitza hobeak lortuz eta ekipamendurako inbertsio txikiagoa eginez”, nabarmendu du Ormaetxeak.