Oihartzun gisara abestua eta idatzia izan den 'balada' ikusgarria
Bilboko Marzana aretoak bere lehen banako erakusketa antolatu du, Patxi Ezquieta (Iruñea, 1960) artistaren eskutik. Nafarrak 'Une saison en atelier' obra sortu du, propio galeria honetarako, eta hilaren 21era arte egongo da ikusgai. Teknika eta formatu desberdinetako marrazkiez osatuta, urte oso bat eman du bere tailerrean lau multzo nagusitan banatu dituen irudi hauek sortzen
Denboraldi bat tailerrean da erakusketa honen titulu euskaratua. Denboraldi bat, urte bat hain zuzen ere, eman baitu Patxi Ezquieta margolariak marrazki sorta hau sortzen, egun Bilboko Marzana galerian ikusgai ditugunak. "Arthur Rimbauden Une saison en atelier prosazko poemari erreferentzia egin nahi nion. Ez da bere ilustrazio bat, baina marrazki kopurua biltzeko ausazko titulu bat ere ez. Izenburu hau duela urtebete hasitako ibilbide guztian egon da presente, aurreko erakusketarekin (Gabinete de la pérdida del tiempo) lotuta dago", azaldu du artistak. "Momentu horretan umore zuriko obratzat hartua izan zena, artistentzat txiste gisara hartua", gaineratu du.
Bilduma hau "balada bat" da, "oihartzun gisara abestua eta idatzia, sufrimendutik sortua baina asmo ederrekin. Gauerdian eginiko aitorpenak edo bizitza erdi batean, itxura erromantikoa eta izaera epikokoa", deskribatu du iruindarrak.
Iraganeko asmoak gainditzeko, fikziozko identitate bat adierazi nahi du Une saison en atelier erakusketak, horrelaxe adierazi du Ezquietak berak. Oso aspektu gazteetan barneratuak gelditzen diren nahiak ahazteko, ahaleginaren bitartez marrazki eta binetak egitera mugatua. "Leku berean denbora asko ematen baduzu zahartuta zaudelako da. 40 urte egon zaitezke mugitu gabe, baina zure nahia edo gogoa tinko mantendu daiteke, inolako gorabeherarik gabe. Bere egunak eta gauak dituen denboraldia da".
Iruindarrak lau multzotan banatu du Bilboko aretorako propio sorturiko obra guztia: Las pequeñas cobardías taldea dugu lehena, ebakuntza-gela batean dantzari dauden mediku eta erizaina ageri direla. "Odoltsua, ustekabeko prestaketa lan bat bailitzan", aipatu du artistak. Bigarrenak aldiz, Jorge Negrete no es Machín du izenburua, gainditze eta ahaleginezko istorioa izango litzateke hau. Bertan ia desagertua dagoen eztei-gorteiatzearen pausoak erakusten ditu. Los días perdidos dugu hurrengoa, "egun batek aurrekoa salatzen duen unea", erakusten duena, Ezquietaren esanetan. "Irudi hauena kontraesan bat da, baina ordenatuta egon daitezenaren ardura hartu dut. Nik uste dut norberak hurrengo egunetik bakarrik aurreko eguna galduta dagoenaren sentsazioa duela".
Marrazkietan arrainik harrapatzen ez duen arrantzale bat irudikatzen du margolariak. Azkenik, Pamplona: talde honetan autoreak bere erizainaren sastadak pairatzen ditu lan egitera bultza-tzeko asmoz. Obrak "zerbait barregarria baina era berean bizia, umoretsua, ironiarekin eta tristeziarekin" islatzen du. Paperean egindako marrazkiak dira denak, eta edozein material erabiliz: ikatz-ziri, tinta, pigmentu, argizari , arkatz koipetsu eta abarrekin sortutakoak. "Material guztia mahaiaren gainean dago eta paperean aplikatzen dut modu azkarrean, berehala, asmoa zein den oso argi izan gabe. Aurrean dudan lehenengo gauzarekin hasten naiz zikintzen, nahiz eta batzuetan modu pausatuago batean egiten dudan".
Batzuetan hitzak eta esaldiak ere idazten ditu Ezquietak eta marrazkiak bukatzen dituenean estudioko hormetan itsasten ditu une oro ideia zein den gogorarazteko. "Ikusten dudanean hormak beteta daudela, euskarri zurrunetan jartzen ditut. Paretak garbi geratzen dira eta berriro hasten naiz. Une hau berezia izaten da ez dudalako ezer gogoratzen", aitortu du iruindarrak.
labea eta izozkailua Bere "tailerrak" ere deskribatu dizkigu artista honek, lan egiteko txokoak, "estudioa orokorra eta irreala den leku bat da. Ideien, pentsamenduen eta ametsen jarioa hartzen duen espazio handi eta argitsua. Beste tailerra, txikia, zikina eta usaintsua da, eta oroi-tzapen guztiak izaten ditut bertan. Esan daiteke batek labea duela eta besteak, izozkailua".
Eskarmentu handiko artista dugu Patxi Ezquieta, Bilboko Arte Ederretako fakultatean egin zituen ikasketak eta bertan, 1984an, bere lehenengo obra aurkeztu zuen. Ordutik hona erakusketa ugari egin ditu -gehienak Nafarroan-, baita sari mordoa irabazi ere. Maroko eta Almerian urte dezente egon da bizitzen eta bere pinturetan leku bietan jasotako eragina islatzen da.
Etorkizunari begira, sartuko al da Ezquieta bere tailer irrealean sortzeko asmoarekin? Momentu honetan ez dakiela aitortu du berak, baina "erizainak modu atseginez egon daitezkeen ospitale bat" eraiki nahiko lukeela aurreratu du.