"Elkartasun basati bat topatuizan dut kulturgintzan"
Egile errenteriarrak 'Elkartasun basatia' poema liburua kaleratu berri du. Antzerkiaren eragina agerian utziz, bere azken lan honetan norbanakoaren eta taldeen arteko harremanez aritu da
Elkartasunaren eta zubiak eraikitzearen aldekoa da Oier Guillan (Errenteria, 1975). Kulturak bien beharra duela islatu nahi izan du Elkartasun basatia liburuan. "Elkartasun aktibo bat, sortzerakoan arriskuak hartzera eramaten gaituena", nabarmendu du.
Zertaz hitz egiten duzu 'Elkartasun basatia' poesia bilduman?
Iruditzen zait badela poema hauek lotzen dituen zerbait: norbanakoaren eta taldearen arteko harremana. Erlazio horretan dagoen tentsio sortzailean idatzita daudela esango nuke.
Elkartasuna hitza askotan aipatzen duzu?
Elkartasun basatia kontzeptua liburuko atalik intimoenean azaltzen da, Samurtasun politiko bat izeneko poeman. Liburuaren aurkezpenean aipatu nuen moduan, Elkartasun basatia tituluak norbanakoaren eta taldearen arteko tentsio horren funtsa adierazten du.
Zubiak eraikitzearen alde agertu zara maiz. Norberak eta taldearen artekoak dira garrantzi-tsuenak?
Kulturak, sormenak, inoiz baino gehiago behar du norbanakoaren eta taldearen arteko zubiak eraikitzea: zubi batzuk itsusiak, zikinak, inperfektuak, kontraesanez beteak, mingarriak, baina hala ere zubiak direnak, elkartasuna direnak. Elkartasuna jarrera aktibo bat da, sortzerakoan arriskuak hartzera eramaten gaituena, sareak sortzera eta kolektiboak bultzatzera animatzen gaituena.
Azken egun hauetan, Donostian egindako ezohiko aurkezpenaren bideoa sare sozialetan egon da ikusgai. Horrelako ekimenekin poesia gehiago irakurriko zela zioten askok...
Sarritan ibili naiz errezitatzen Asier Sarasolarekin, eta zentzu horretan oso naturala zaigu gure testu bat hartu eta interpretatzea. Aipatu dituzun hitz horiek eskertzekoak dira, baina ez dakit horrelako aurkezpenekin gehiago irakurriko litzatekeen ala ez. Nire ustez, poesia ez da inoiz izan irakurketa masiboko generoa, baina zaleei dagokionez, oso esker onekoa da.
'Esan gabe doa' izenburuko poema luzeak hasiera ematen dio liburuari...
Poema honek liburuan topatu ahal den ideiategia aurkezten du, gutxiengoak omenduz eta gutxiengoaren ideia bera erlatibizatuz. Hurrengo atalean, Identitatea euliari azaldua delakoan, euskaldun berri/zaharren ikuspegitik idatzia dago, taldearekiko tentsioa identitatearen gaian kokatuz. Jendea izaki jendarteari luzatutako begirada bat da, kanporakoa neurri batean, poesia-fikziora gerturatzen dena.
Guztira, sei ataletan banatu duzu lana?
Manikien odolak pertsonen panpinatasunari erreparatzen dio, gizarteak intimitatean duen eragina arakatuz. Oinak hotz ditut baina ez nago hilik, porrot soziala onartuta ere ironiatik har daitekeen jarrera aktiboaren isla da. Azkenik, Sudurrik gabeko pailazoa ahots ezberdinetan banatutako bakarrizketa poetiko bat da, zeinean gogoeta egiten den norbera dagoen lekuan eta garaian sortzearen garrantziaz.
Antzerkiaren eragin estetikoa ere igartzen da poema askotan...
Elkartasun basatia poesia liburu bat da, baina esploratzen dudan harreman horren eragina sumatu dezake irakurleak hainbat ezaugarrietan: batetik, teatro idazleen aipamena, Antonin Artaud eta Tadeusz Kantorren antzezlanetako estetikaren eragina, bakarrizketara gertura-tzen diren testuak, koroen erabilera? Eta bestetik, bufoia, pailazoa, manikia nahiz zirkua bezalako elementuen presentzia.
Idazle izateaz gain, aktore ere bazara. Egun, Metrokoadroka kolektiboarekin taula gainean ari zara?
Antzerkian hainbat lanetan ibiltzen naiz, batez ere idazten, sarritan antolatzen, eta tarteka an-tzezten edota errezitatzen. Metrokoadroka kolektiboaren baitan antzezlan birekin gabiltza egun: batetik Poza izenekoa, autofikzioaren bidetik poesia, musika, antzerkia eta pintura uztar-tzen dituen lana; eta bestetik, Berria egunkariaren ekimenez sortu dugun Zertarako hegoak izenekoa, umore absurdoa, aktore-koroa eta espazio hutsaren erabilera biltzen dituena.
Liburuaren harira, errezitaldiak egiten ere hasiko zarete...
Bai. Errezitaldi xumeak izango dira, eta horietan ahotsarekin jolastea bilatuko dugu. Esaterako, berriki izan gara Baionako Euskal Museoan, Maiatz solasaldietan. Joan den larunbatean, hilak 1, berriz, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean izan ginen, Literaturia jardunaldietan. Oreretan eta Ean ere baditugu hitzorduak...
Metrokoadroka, poesia? astirik geratzen al zaizu beste zerbait gehiago egiteko?
Asti askorik ez zait geratzen, egia esan, baina zorionez antzera dabilen jende asko dut inguruan, beraz, elkartasun basati bat topatu izan dut kulturgintzan, batez ere eszenarako lanak sortzen gabiltzanon artean. Eta horri esker posible da etengabe proiektu berriak sortzen egotea.