Asteburuetan zientziaz eta teknologiaz euskaraz idatzi nahi zuten boluntario batzuen eskutik sortu zen, duela 40 urte, Elhuyar fundazioa. Euskarazko material zientifikoan zegoen gabezia ikusirik, hainbat ingeniarik beraien alorreko materiala euskaraz sortzea erabaki, eta gaur egun fundazioak dituen bi zutabeei, euskarari eta zientziari, oinarri sendoa eman zieten. "Gaur egun, baina, testugintzatik haratago doa gure lana, dibulgazioari garrantzia handia ematen baitiogu", dio Leire Canciok (Donostia, 1973). Berrogei urteko historiaren baitan, aurten gertatu dira Elhuyar fundazio barneko azken aldaketak, eta horiek eraman dute Cancio zuzendari nagusi izatera. "Duela urtebete inguru abiatu genuen hausnarketa prozesu baten ondorio dira aldaketak. Ez da lehen aldia gogoeta estrategikoak egiten dituguna, baina oraingoan Elhuyar talde bakar bezala egituratzea erabaki dugu". Kultura elkarte gisa ekin zion Elhuyarrek lau hamarkadako bidaiari, baina 2002an elkarte hori hainbat enpresa biltzen zituen fundazio bilakatu zen.

Ordutik hona, Cancioren arabera, nahiz eta harreman estua izan duten elkarren artean, enpresa bakoitzak bere bidea egin du. "Ikusten genuen elkarrekin arituta gure eskaintza osa-tzeko aukera genuela. Adibidez, aholkularitza-zerbitzua lantzen hasi ginenean euskara lan munduan txertatzeko asmoz hasi ginen, baina, gaur egun, aholkularitza zerbitzuaren jarduera zabalagoa da eta euskara-planetatik haratago, berdintasun eta parte-hartze planak ere eskain-tzen ditugu".

Duela urtebete, berriz, beste ildo berri bati ere ekin zioten, nazioarteratze bidean dauden enpresei hizkuntza aniztasuna kudeatzen laguntzeari, alegia. "Hor ikusten genuen aholkularitzak baduela metodologia eta esperientzia handia, baina hizkuntza teknologian bageneukala horren osagarri zen zerbitzua eskaintzeko aukera. Eta gaur, biak, hau da, hizkuntza teknologien arloa eta hizkuntza aholkularitza elkarrekin eskaintzen ditugu", azaldu du Canciok.

Hiztegigintza eta itzulpengintza Euskal Herriko edozein euskaltegi eta ikastetxetan ezagunak dira Elhuyar fundazioak osatutako hiztegiak, baina azken produktu horrek aurretiazko ikerketa lan mardula eskatzen du. Hiztegiak egin ahal izateko, lehenengo eta behin, hitzen erabilera aztertu behar da eta horren arabera adiera batzuk edo erabilera batzuk gomendatzen ditu Elhuyarrek. Fundazioko zuzendari nagusiaren hitzetan, "urte hauetan guztietan hiztegigintza lana asko aldatu da eta hizkuntza teknologiez baliatuta hiztegiak beste modu batera egiten dira. Hiztegiak hitz jakin batzuk nola erabiltzen diren adierazten duten testu masa erraldoietatik eraikitzen dira, eta gaur egun corpus horiek hizkuntza teknologien bitartez automatikoki sortzeko aukera dago".

Alde batetik, euskara-euskara hiztegiak egiten ditu Elhuyarrek, bestetik, hiztegi elebidunak, eta hirugarrenik, hiztegi teknikoak. Zientzia fundazio den neurrian, azken hiztegigintza mota hori litzateke Elhuyarren berezitasunetako bat. "2010ean atera genuen Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa guretzat oso proiektu inportantea izan zen, Elhuyarrek dituen bi zutabeak uztartzen dituelako", dio Canciok.

Lexikografia arloaz gain, itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzuetan ere eskarmentu handia du Elhuyarrek, eta Cancioren esanetan, testu teknikoen itzulpenetan eta zuzenketetan dira aditu, "lan-taldean badaudelako hizkuntzalariak eta baita zientzialariak ere". Baina fundazioan gero eta indar gehiago hartzen ari den hirugarren ardatz bat ere badago, hau da, ikerketan oinarritzen dena. Eta horrek euskara Informazio eta Komunikazio Teknologietan (IKT) beste hizkuntzen mailan jarri ahal izateko ahaleginak egiten ditu.

Zientziaren dibulgazioa Zientzia ez da alor masibo bat, baina horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik ezagutza inguru teknikotik harago hedatzea. "Alor askotan ahalegintzen gara zientzia dibulgatzen. Gazteekin, esaterako, proiektu ugari ditugu, eta eskolen arteko lehiaketa bat ere jarri dugu abian".

Cancioren arabera, gainera, zientzia beharbada ez da gai zentrala izango, baina zeharka bada ere, eta zientzia eta teknologiaren inguruan aurreiritzi asko egon arren, edozein komunikabide hartu eta zientziak badu presentzia nabaria. "Zien-tzia eta teknologiarekin bizi gara gure eguneroko bizitzan, ez da aparte dagoen zerbait. Azken finean, zientzia mundura hurbiltzeko gai bat da, etengabe hitz egiten eta idazten dugu gailuez, une oro hitz egiten dugu osasunaz, eta horren guztiaren oinarrian zientzia dago". Zientziaren inguruan normaltasunez aritzea da Elhuyarren helburuetako bat, gertatu denaz harago dagoena piska bat azaltzean datza fundazioaren erronka, eta Cancioren ustez, beste edozein gai bezala, ondo azalduz gero, zientzia ulertzeko ere gai omen gara aditu izan beharrik barik.

Talentu berrien bila Edozein garai eta alorretan bezala, etorkizuna gazteengan dago, eta gazte guztiak zientzialari izango ez badira ere, Elhuyarrek dituen helburuen artean zientzia gazteengana hurbiltzea dago. "Duela urte batzuetatik hona Elhuyarrek ahalegin handia egin du Europatik datozen deialdietan parte hartzeko, eta horiek aukera ematen digute beste unibertsitate batzuekin batera proiektuak aurrera atera ahal izateko", adierazi du zuzendari nagusiak. Elhuyarrek badu bokazioekin lotutako proiektu bat ere, eta egitasmo horrek hezkuntza mundua eta ikerketa mundua elkartzea du xede. Eta hori lotuta dago Teknoskopio proiektuarekin. Horren oinarrian gazteentzat antolatutako ikerketa lehiaketa bat dago, hau da, "gazteek ikerketa proiektu bat aurkezten dute eta, ondoren, Euskal Herriko ikerketa zentro batean egonaldi bat egiten dute; gu, adibidez, Tecnaliarekin aritzen gara. Europako egitasmo horrek hezkuntzarako materialak sortzea bilatzen du, bokazio horiei eusteko".

Horri gehitu behar zaio azken hiru urteetan zientzia udalekuak antolatu dituela Elhuyar fundazioak, eta kontuan izanik udalekuak udaleku direla eta aisia izan behar dutela oinarri, saia-tzen dira aisialdi horretan zientzia txertatzen. "Sare bat dago antolatuta zientzia udalekuekin, eta beste herrialde batzuekin esperientziak konpartitzen saiatzen gara elkarrengandik ikasi ahal izateko", aipatu du Canciok.

Zientzia ulertzea, hortaz, ez da gutxi batzuen esku dagoen zerbait, edo hori sinetsaraztea da, behin-tzat, Elhuyarren helburu nagusietako bat. Eta zientziara hurbiltzea ere ez da euskararen ahalmenetik kanpo dagoen zerbait. Elhuyarren 40 urteotako lanak, beraz, posible egin du, besteak beste, inoiz inork zalantzan jarri arren, baita fisika nuklearra euskaraz inolako konplexurik gabe azaldu ahal izatea ere.