Urteek aurrera egin ahala, geroago eta gutxiago ezagutzen dut neure dudan herri hau. Nor da herri hau? Herria egiten dugun herritarrok, ezta? Beste modu batera esanda, geure instituzio publikoetan zergak ordaintzen ditugun herritarrok eratu eta osatzen dugu herri hau. Edo hala beharko luke. Izan ere, egunean baino egunean jazoera tamalgarriagoak gertatzen dira geure begien aurrean, eta isildu egiten gara. Zergatik? Euskalduntasunari eustea gogorregi egiten zaigulako.

Gaur egungo bizimodua patxadatsua izatea nahi dugu. Ez dugu txarrik pairatu nahi, aurrerakoi gisa agertu nahi dugu geure burua. Guaiak izan nahi dugu. Guztiek guri on iriztea nahi dugu, eta geure jakinbidea geure ingurutik zenbat eta urrunagora heldu, orduan eta jakintsuagoak gara. Azkenean, euskal herriak ei diren geure herrietan entzuten eta ikusten dugunak ez dauka alde nabaririk Mirandatik behera entzuten eta ikusten denarekin. Geroago eta berdinagoak gara, bai hizkeran, bai jardunean.

Aurtengo selektibitateko azterketan, 2026ko ohiko deialdian, Espainiako Historia ikasgaian, honelaxe ageri da: “2. Azaldu Estatutu horrek Gerra Zibilaren aurreko tentsio politikoetan izan zuen eragina”. Horren ondorik, testu hau ageri da: “B2. Irudia. 1976ko otsailaren 8an Bartzelonan egindako manifestazioaren argazkia”. Argazkiaren ostean itaunak ageri dira. Betiere, niri itaun hau datorkit burura: zergatik ipini dute Bartzelonako irudi bat Euskal Herriko Unibertsitatearen azterketa batean?

Itaunaren ondorioz datozkidan erantzunak hauek izan dira: katalan batek bilatu du argazkia? Interneten sartu eta lehenengoz topatu duen erretratua ipini du bilatzaileak? Espainiako Historia denetik, euskal kutsurik gabeko erretratua ipini nahi izan du argazki-jartzaileak? Euskal Herria eta Katalunia bereizten ez dakien laguntzaile batek aukeratu du argazkia? Iparrorratzik gabeko ibiltaun deslai batek noraezean eta ezustean aurkitu duen erretratua jarri du? Aukerak asko dira, baina bat ere ez ona.