Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Igerilekuarena

Satira politikoari eskainitako aldizkari bat (izan paperezkoa, izan digitala) izango bagenu gurean, igerilekuaren memeak, bertan agertu izan balitz, ez zukeen hainbesteko arretarik (esateko modu bat da) eskuratuko: testuingurua, beti bezala, erabakigarria da. Katalunian badute “Polònia” izeneko telebista programa ospetsua non satira politiko gogorra egiten baitute; saioren batean Pedro Sánchezena, demagun, egiten duen aktorea ateratzen denean, badakigu zeren aurrean gaude: satira barregarria, karikatura, gehiegikeria, olgeta. Programa arrakastatsua da, eta ez dakit zer urtemuga ospatzen ari zirela, politikariak beraiek bertan agertzea lortu zuten, benetako Pedro Sánchez Pedro Sánchezena egiten duen aktorearen ondoan eta horrelakoak. Azken buruan, politikariek badakite batzuetan euren buruez barre egitea komenigarria dela. ETBn “Vaya semanita” dugu gaztelaniaz, satira politiko bigunagoa egiten duena batzuetan, baina kasu horretan satira despertsonalizatuagoa da: sozialista, jeltzale edo ezker abertzalekoen kontura barreak egiten dituzte, baina ez dira politikariak izen-deiturekin agertzen; lehendakaria agertzen bada, lehendakari abstraktu bat da, ez Imanol Pradalesen imitazioa. Aktoreekin eginda zein panpina edo txotxongiloekin (beste tradizio bat), satira politikoa osasuntsua da gizartearentzat, baldin eta alderdikeria albo batera uzten bada, jakina.

Igerilekuaren memea, ordea, ez da testuinguru mota horietako batean agertu, ustez serio den batean baizik, alderdi politiko batek, PSEk, sare asozial batean duen kontu ofizialean, alegia. Badirudi kritika politikak esperatzekoa den argudiaketa sendoaren bidea utzi eta meme, txantxa eta eslogan merke-laburren bidea besarkatu duela jendearengana iristeko. Txarrena da ohitu garela, gobernu berean dauden bi alderdiak gobernutik kanpo noizbehinka mokoka ikustera ohitu garen bezala. Batek daki noiz arte iraungo duen tentsio horrek.

Eta ez da ahantzi behar hau guztia gertatu dela batzuek uste dutelako euskara gehiegi dagoela munduan.