Síguenos en redes sociales:

Idulezta ageri da geure harrizko herri hau. “Idulezta” berba ikasi nion geure amaginarrebari, jantzien barrualdea kanpora begira eta kanpoaldea barrura begira daudenean esateko. Harrezkero, “iruntzitara” hitza ere ikasi dut. Geure herriak azken urteotan aurkia gordetzen du, eta ifrentzua erakusten. Badihardugu zerbait egiten gure herriaren betiko arnasari ez dagokiona. Arnasa geure gogotik hartu beharrean, kanpotik baino ez dugula hartzen ematen du. 

Barrualdea kanpotik eta kanpoaldea barrutik jantzita goaz: idulezta.Gomutara datozkit euskaraz ez zekiten aita-amak eta aitona-amonak. Eurek arriskua hartu zuten euren seme-alabek eta ilobek euskaraz ikas zezaten, geure herriaren hauspoa harrotzeko bezala katea eten ez zedin. 

Haien atzekoek, berriz, zaplazteko galanta ematen diete aurreko horiei eurok euskara barik auzo-erdara darabiltenetan. Belarrondoko zitala ematen diete Uxuek, Mikelek eta enparauek euren seme-alabei Lucia, Mateo eta horrelakoak ipintzen dizkietenetan. Idulezta darakusgu geure burua.Ondo gomutan ditut euren asabengandik jasotako euskara euren atzekoei erakutsi zieten aita-amak eta aitona-amonak. Debeku-garai ilunak ziren arren, eurek euskarari eutsi zioten, euskal arnasa etxean bezala kalean hauspotu zuten Euskal Herriaren arima gal ez zedin. Euskara barik ez baita Euskal Herririk. 

Ziur naiz haietarik gehienek horrelako gogoetarik ere ez zutela egiten, eurek euskaraz egiten zuten euskaldunak zirelako, euskaldunak zirelako egiten zuten euskaraz.Ez ditut gomutatik jaurtiko ikurrina, euskal bandera, ipintzearren poliziak atxilotu zituen euskal ekintzaileak. Kartzela, torturak eta abar bizi behar izan zituzten euren herriaren ikurra plazaratzeko. Egun, ostera, ez da ikurrinik ageri euskal alderdi batzuek antolatzen dituzten ekitaldietan. Zein da orduko abertzaleen gaur egungo ondorengoen aberria? Geure aberria Euzkadi da, horixe geure aurkia, beste guztia ifrentzua da; gure nortasunaren adierazgarriak ostenduta, idulezta goaz.