Egunokin geroago eta sarriago etortzen zait burura Milan Kunderaren “Izatearen arintasun jasanezina” geure Europa zahar, nekatu, hotzil honen jarrera ikusten dudanean. Europa buru-ase hau zahartuegi dago kontu berriei ekiteko, nekatuegi dago bere buruari eusteko ezinbesteko eginkizunak lantzeko, hotzilegi dago bere buruari eta inori beroa eskaintzeko. Brnoko idazle aberrigabea Pragako 1968ko udaberrian Sobietar Batasunari adoretsu jarki zitzaion, baina daborduko adorea joan egin zaio Europa txepel honi.

Ukrainako gudua ez da ahalegin berria. Jugoslavia ohia hainbat zatitan hautsi zenean ere, Europa ez zen gailendu bere ausardiagatik, ez eta bere uste sendoengatik ere. Hori bai, giza krimenak epaitzeko auzitegia Hagan dugunez gero, badirudi egitsari handiak egin ditugula giza eskubideak aldezteko. Transnistriako Errepublika Moldaviarraren kasua nabarmena da. Izan ere, Ukrainari eraso egin aurretik, Putinek bazituen entseatuta beste azio batzuk. Europarik?

Groenlandiakoa dugu zirkuko azken ikuskizuna. Izan ere, zirkuko zuzendariak erabaki du ipotxaren neska-lagun trapezistaz gustatu dela, eta ipotxak ez duela adorerik berari jarkitzeko; halandaze, neska-laguna ostu dio ipotxari. Ipotxak, gizajo halakoak, uste du trapezista berarekin geldituko dela bera delako ipotxetan garaiena eta txerpolaririk abilena. Trapezistak ipotxari dion maitasuna aspalditik hotzilduta dago, lotsa delako “txiki” baten neska-laguna izateaz.

Txotxongilolariak badaki zelan erabili txotxongiloa; era berean, zirkuko zuzendariak badaki zelan apalarazi ipotxa eta zelan zemaitu haren neska-laguna; azken hau aspaldi konturatua da ipotxak, garaiena izangatik, ez duela indarrik bera babesteko. Ipotxa, zirkuko zuzendariari jarki barik, aspaldi jendea liluratzeko egiten zituen balentriez gogoetatzen da. Zoriontsuago bizi da buruan errealitatea bere gogara moldatzen, bihurritzen, errealitateari aurre egiten baino… baina ipotxak ez du ezer, ez gaurrik, ez biharrik.