Jaungoikoa sinisten dut, gizakiok luditik harantzagokoak garela uste dudalako; gertakizun biologikoak baino gehiago garela uste dudalako; istripu kronologikoetatik harantzagokoak garela uste dudalako; mirariek gizakiok iraunarazten gaituztela uste dudalako; hurkoarentzat ekintza onak doan egiten ditugula uste dudalako; Begoñako Amak ludiko infernu honetatik gu eta gutarrok Jaungokoarengana eroango gaituela uste dudalako. Horregatik guztiagatik sinistu nahi dut.
Athletic sinisten dut, herri txiki honen gogoa lau haizeetara zabaltzen duela uste dudalako; ekinez eta jarraituz nork bere burua etengabe goratu ahal duela uste dudalako; ezina ekinez eginaz geure herri xume hau inoren aurrean lotsa barik agertu ahal dela uste dudalako; asmoz eta jakitez inoren indarguneei eta mehatxuei men egin barik geure ahuleziak osatu eta aukerak aprobetxatu ahal ditugula uste dudalako; belaunaldien arteko katea etengo ez dela sinisten dudalako. Horregatik guztiagatik sinistu nahi dut.
Euzko Alderdi Jeltzalea sinisten dut, geure asaben herri menderakaitz honek bere burua zaintzeko beharrezkoa dela uste dudalako; geure egunerokotasuna hobea izan dadin noraezekoa dela uste dudalako; geure seme-alabei eta enparauko ondorengoei etorkizun hobea emateko ezinbestekoa dela uste dudalako; aspaldikoa behin eta betiko eta oparo bihurtzeko nahitaezkoa dela uste dudalako; Euskal Herriaren zuztarrak egunean baino egunean tinkoago ezartzeko baitezpadakoa dela sinisten dudalako. Horregatik guztiagatik sinistu nahi dut.
Hilkortasuna sinisten dut, hilezkortasuna jainkotiarra dela uste dudalako; gizakumeok Jaungoikoarena egiteko dugun joera menderatu behar dugula uste dudalako; “beti gazte” leloa jardunbide eta helburu bihurtu behar ez dugula uste dudalako; gizakiok hil arte guztian zahartzea naturaltasunez onartu behar dugula uste dudalako; ludi honetako biziaren ostean bizitzarik onena geure zain dagoela uste dudalako. Horregatik guztiagatik sinistu nahi dut… sinisten dut.