Domu Santuen egunaren biharamuna izaten da nork bere defuntuak gomutarazteko eretia, defuntuon aldeko otoitzak egiteko abagunea eta nork bere burua non jarriko duen erabakitzeko unea. Defuntuen eguna da. Ez dira denak santuak, ezpada hildakoak. Gomutara datorkit Gustavo Adolfo Bécquerren “Maese Pérez el organista” ipuina. Giroa geroago eta ilunagotzen doa, Maese Pérez geroago eta okerrago doa baina ezin du atzera egin ez eta gelditu ere. Bere buruaren azkena ikusten du, baina ezin du ezer egin beste norabide bat hartzeko.

Garai hartan ere, harrigarriak eta nork asma ezin zitzakeen pasadizoak norberak ikusten zituenean, etsi egiten zien, ez zuen haiei jarkitzeko gogorik. Maese Pérez legez, badakigu amildegira goazela, baina errazago zaigu amildegi horretara joatea, hilgo garela jakinagatik ere, galeraranzko bidean atzera egitea baino. Koldarkeria eta alferkeria erosoagoak dira gertakariei aurre egitea baino, eta jarkitzea gaitzagoa da nork bere burua berez joaten lagatzea baino.

Egunokin adimen artifizialaren gaineko bertuteak txitean-pitean entzuten dihardugu, eta batzuek badihardute (geroago eta gehiagok; nik ere bai) haren harrigarriak “gozatzen”. Adimen artifizialak gizakiok egundaino egindakoa batu du, eta bihar era berean, eta etzi berdin ere bai, eta biharamunean halaxe, eta biharamunagoan lehengo lepotik burua. Eta adimen artifizialak hain egunetan ikusten duenean giza adimenak ekoizteari utzi diola bere kasa jardungo du sorkariak izanarazten.

Defuntuen egunean, adimen artifizialak badaki giza adimena agortu duela, adimen artifizialak badaki giza adimena ezereztu duela, adimen artifizialak badaki berak esanikoa baino ez dela aintzat hartuko, adimen artifizialak badaki sorkariak eman ditzakeen bakarra bera dela eta gizakiak haren mendean egongo direla, eta gizakumeok, alferkeriak irentsi gaituenok, adimen artifizialari eskatu behar diogu gure pentsamendua Defuntuen egunean, orduan gizakiok zonbiak garelako, adimenik ez dugulako.