Hil honen 9an su-etenaren lehen aldia sinatu zuten Israelek eta Hamasek, eta biharamunean israeldarrak Gazako zerrendatik irteten hasi ziren. Askatasuna heldu da Gazara. Askatasuna ala aspaldiko normaltasuna? Izan ere, hilaren 10ean bertan, Hamasko ekintzaileek Gazako palestinar batzuk erail zituzten, epaiketa barik edo berehala-berehala-berehalako epaiketa-uste bat egindakoan. Gainera, Hamasko ekintzaileok ankerkeriaren gorengo maisuak dira, eta hil behar duten pertsona umiliatu ere egiten dute. Askatasuna Gazan, israeldarrak ez daudelako?
Horrexegatik egon naiz aztarna galduta hilaren 15eko lan-uztearekin. Askatasuna eskatu dute Palestinarentzat. Palestinarrentzat ez? Edo pentsamolde jakin bat dutenen aldeko aldarria egiten dute, eta besteak biziko ez balira legez erabili? Non daude giza eskubideak? Ez dakit, bada. Betiere, normaltasuna heldu da Gazako zerrendara. Normaltasuna ala ohikeria?
Sharia Gaza osoan aplikatzen da, batez ere familia-arazoetan, moral publikoan (zer ote da hori?) eta hezkuntzan. Palestinan ez dago estatu islamikorik, baina jarrera islamista nonahi ageri da palestinarren bizimoduetan. Zisjordaniako palestinarrek baino arau gogorragoak dituzte Gazako zerrendan. Andrezkoak ezin dute euren burua jantzi eurek nahi duten moduan kaleetan eta hezkuntza-zentroetan, ezpada gizonezko agintari matxista negargarri batzuek gainetik ezarritako moduan. Zenbait eskola eta unibertsitatetan andrezkoak eta gizonezkoak bereizita daude generoaren arabera.
Urriaren 15eko kale-agerraldietakoek badakite Gazan alkohola edatea galarazita dagoela, badakite islamak eragina duela eskola-curriculumean, badakite auzitegi zibilekin eta zigor-auzitegiekin batera badaudela auzitegi erlijiosoak (Palestinako Inkisizioa, “mutatis mutandis”), badakite auzitegi bereziak daudela, auzitegi militarrak barne, zibilak epaitzen dituztenak (Francoren garaiko TOPak bezalakoak)? Badakite Gazako zerrendako azken hauteskundeak 2006an egin zirela? Edo ez die?