Asteon milaka lagun azaldu dira kaleetara Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako aldarriak egitera. Benjamin Netanyahuren agindu kriminalak gaitzetsi egin dituzte; betiere, faltan hartu ditut Ismail Haniyeh eta Yahya Sinwar Hamaseko aitzindarien agindu kriminalen aurkako aldarriak. Ala alde bateko hildakoak hobeak dira beste aldekoak baino? Horrelako gatazka bihozgabe eta bidegabeetan bizia galtzen duten gehien-gehienak borrokari hasierarik eman ez diotenak izan ohi dira.
Hasierarik eman ez baina euren bizia, euren seme-alabenak, euren gainerako senitartekoenak galtzen dituzte. Orain ez luze Madrilen ekitaldi bat egin zuten hildako palestinarren izen-abizenak irakurtzeko. Ez nuen hildako israeldarren izen-abizenetatik bat ere entzun. Hamasek hildako ume israeldarrak gatazkaren errudunak ote ziren, bada? Nork daki! Hildako ume guztiek, palestinarrek bezala israeldarrek, bazuten amarik, bazuten aitarik, bazuten senitartekorik, bazuten lagunik. Ala ez?
Irudi latzak ikusi ahal izan ditugu nonahi eta edozein ikus-entzunezkotan; irudiotan soldadu israeldarrek biztanle zibil palestinarrei (bai eta Hamaseko ekintzaileei ere) egindako erasoen gordinkeria azaldu da. Hori esanda, non ikusi ahal izan dira Hamaseko ekintzaileek ume israeldarrak hil dituztenean ateratako argazkiak? Non daude bahitutako andrazko israeldarrei egindako bortxaketen irudiak? Non daude bahitutako israeldar batzuen zatikatzea agertzen duten irudiak? Ala alde batekoak txarragoak dira beste aldekoak baino?
Iban Illarramendi zarauztarra eta haren emazte Maya Villalobo gomutara ekarri nahi ditut. Hamasek eraildakoetako bi dira aste honetako kale-agerraldietako batean ere azaldu ez direnak. Inork itaundu dio haren anaia Anderri zelan daroan anaiaren galera? Inork hartu al du gogoan zer sentitu izan duten Ibanen senitartekoek aste honetan Palestinaren aldeko kale-agerraldiak ikusi dituztenean? Gomutara datorkit On Migel Unamunok idatzi zuen antzerki-lan bikain hau: “El otro”.