Zenbatetan abestu dugun Negu Gorriak-en kanta: Amari itxoiten…; lehen eskola egunari, itxoiten…; examinari, itxoiten…; lana noiz lortuko, itxoiten…” Eta datorkigu galdera burura: gure bizitzaren zenbat ordu, egun, hilabete eskaini dizkiogu itxaroteari? Zenbat denbora egon gara itxoiten bizitzan? Eta beldurra ematen du batzuetan pentsatzea, baina ordu eta egun asko dira, bizitzaren zati handi bat igarotzen dugu zerbaiti edo norbaiti itxaroten.

Zenbat denbora egin dugu maite dugun pertsonaren deiaren zain? Zenbat gure seme-alabak behingoz lokartzeari itxaroten? Zenbat buruan dugun proiektu bat gauzatzeko momentuaren zain? Zenbat denbora froga mediku baten emaitzei edo gaixotasun bat gainditzeari itxaroten?

Itxarotea bizitzaren parte bat da, zalantzarik gabe, baina esango nuke badaudela modu ezberdinak itxaroten egoteko. Badago itxaroteko modu bat bakarrik helburuaren azken pausuari begira dagoena, azken helmugari begira, eta halako itxaronaldiak oso luzeak egiten dira, beti ikusten delako urrun helmuga. Badago, baina, beste modu bat itxaroteko, bidearen hurrengo geltokian jarrita atentzioa. Eta honek bidea egiten laguntzen digu. Kotxean bide luze bat egin behar dudanean, adibidez, nik beti jartzen dut buruko helmuga erdibidean dagoen lekuren batean. “Ea, hemendik Zaragozara 200 kilometro”, esaten diot nire buruari, helmugara heltzeko beste 200 kilometro falta zaizkidala pentsatu gabe.

Batzuetan halako estrategiak erabili behar izaten ditugu bidea luzeegia dela pentsatuta amore ez emateko. Hala gertatzen da bereziki gizartea eraldatu nahi dugunean, buruan gure mundu honetarako berdintasuna edo justizia bezalako amets erraldoiak ditugunean. Helburu eta helmuga handi horiek ezin ditugu ahaztu, baina aurrera egiteko batzuetan hobe izaten da erdibideko helmugak konkistatzeko ahaleginean jartzea atentzioa eta indarra. “Ea, beste 200 kilometro eta gero gerokoak”.