Eguneango bizimoduak ezustean erakusten digu zein den gure begien aurreko errealitatea, errealitate gordina. Hainbestetan ikusten ditugu egoera jakin batzuk ezen ez ditugun gogoan hartzen. Horixe suertatu zait asteon etxe ondoko plazan. Auzokoak plazan, garako eta ume, adineko eta sein, eta norbera mahai batera jarrita inguruari begira. Begiak hara eta hona zuzendu eta, bat-batean, nire mahaiaren ezkerreko mahai batera jarrita 12 bat urteko neskatila bat gurpil-aulki batean… eta hura, senitartekoekin dagoela ere, jolasgunean olgetan dauden umeei begira, bere adineko umeei begira.
Ustekabean ideia batek ehizatu ninduen. Neskatila haren begirakune goibela buruan josita gelditu zitzaidan. Berak egin nahi baina ezin izan zuena islatzen zen haren begietan. Senitartekoek askaltzeko janariak ekarri arren, neskatilaren begirada itun zegoen. Haren dirdira malkoz beteta, baina ezin begirada beste ume haiengandik kendu. Berak ez zuen bere burua beste umeekin ikusten. Berak ez zuen bere burua talde hartako kide ikusten. Eta edade horretako ume batek horrelako begiradak jaurtitzen dituenean, nik, behintzat, ezin dut neure burua neure kasa ikusi. Hura naiz.
Itsumustuan Jesus Galileakoa etorri zait gomutara. Judegu hark, Moisesen legeari jarraitu zionak, bere garaiko lagunei honela esan zien Mateok dioskunetik: «Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri».
Eta horixe bera etorri zait gogora neskatila ezindua ikusi dudanean; areago, Gazako biztanleen egoera ekarri dit gomutara. Hil-aginean dauden seinei, umeei, gazteei, garakoei eta edadekoei laguntza ematen eragozten dutenak gordin ikusten ditugunean, ez dugu ezer sentitzen? Hain arimagabeak gara? Hurkoaren minarendako soraioak gara?