Gaur ez duzu nire zutabe hau irakurriko, aita. Zarata handirik atera gabe joan zara. Zinen bezala. Egin zure lanak zeure eta utzi besteei bizitzen. Ingurukoek, egunero korrikan egiten zuen gizon hura bezala gogoratuko zaituzte. Abenduko Egia-Iriondo lasterketan, 85 urterekin, helmugara sprint-ean sartu eta txalo zaparrada jaso zuen hura bezala. Zuk, korrika horrela egiteko, egunero entrenatu behar dela erantzuten zenien. Eta beraiek barre egiten.
Bai, barre asko egin dizute. Lehenbizi, arrantza txalupen lehen kooperatiba sortzen saiatzeagatik. Gero, patroi izateari utzi eta lana lehorrean egingo zenuela erabakitzeagatik. Munduko diru denak itsasoan uzten zenituela aurpegiratu zizun anaia zaharrenak. Eta zuk, etxekoengandik hurbil nahi zenuela, eta zeure ametsa betetzen saiatu. Eta beste bospasei kiderekin batera, Cikautxo kooperatiba sortu zenu(t)en. Gero, barre gehiago egin zizuten, korrika egiten hasi zinenean. Gaur, nola irabazten zenituen hainbeste garaikur galdetzen dute.
Zaindu zenituen herriko kirol eta kultur talde askotarikoak, baita ikastola be. Beti diruzain edo idazkari. Zorrotza eta zuzena zinelako, fidagarria. Lekuotako aktak euskaraz jasotzen lehena izan zinen. Baita Cikautxoko barne-errotulazioa bi eletan jartzen ere.
Beti zinen ikasi gose. Zeuk zenekiena emateko ere prest. Txorien kantua maitatzen erakutsi diguzu. Perretxikoak batzen. Amuari karnata jartzen. Sestantearekin eguzkia itsaslerrora jaisten. Bi ahotsetara kantatzen. Irakurraldi on batez gozatzen. Mundu ederrago bat gure esku dagoela sinesten. Esandakoari eusten. Herria maitatzen. Ardurak hartzen. Gure izaera defendatzen. Niri, sabaiak apurtzea tokatu zitzaidala esaten zenidan. Eta aurrera egiteko. Beti aurrera. Atzera, pauso bat bez. Otsoari letaginak erakusten ere irakatsi zenigun. Kutxi piratak Astilleruko piratei eskatu bezala: lagunak maitatu eta etsaiak gorrotatuko dituzu. Musikaz inguratuta gogoratuko zaitugu, aita. Zalantzarik gabe, Pavarotti izan da Nessun Dorma hobekien kantatu duen tenorra. Eta Nessun Dormak oso ondo deskribatzen du zure aldartea. Ez dezala inork lo egin, bidea egin bitartean. All´alba Vincerò, aita, Vincerò! l