Sarerik gabe funanbulistak bere bizitza arriskuan jartzen duen bezala, geu ere arriskuan gaude inguruan sarerik izan ezean. Sarea izan daiteke familia, izan daitezke lagunak, baina, horiez gain, garrantzitsua da inguruan izatea giza-komunitate antolatu bat, edozein zailtasunen edo proiekturen aurrean bere babesa eskainiko dizun pertsona talde bat. Esan daiteke euskal gizartea eredugarria izan dela giza-sarea ehuntzen, elkartasun eta talde-proiektuak bultzatzen. Garai batean “erresistentzia kutxak” sortzen ziren fabriken itxieraren ondorioz lanik gabe geratutako familiak sostengatzeko; edota, sortu ziren, adibidez, emakume antolatuen bultzadaz, Asistentzia Psikosozialerako Moduluak emakumeak artatzeko zentrorik ez zegoenean, ezta familia planifikaziorako edo indarkeriaren biktima izandako emakumeentzako zentrorik; euskarazko hezkuntza existitzen ez zenean, komunitate antolatu batek bultzatu zuen ikastolen sorrera eta euskalgintza errotuta egon da gizarte zibilean hainbat ekimen bultzatuz; auzo-elkarteek zeresan handia izan dute herrien hobekuntzan eta hiritarren ongizatean… Auzolanaren eta gizarte antolatuaren mila adibide jarri daitezke atzera begira jarriz gero eta erakusten dute elkarlana eta elkartasuna bizirik dagoen gizarte osasuntsu baten beharrezko osagaiak direla. Baina egungo gizartearen inertzia beste bat dela ezin ukatu. Gizartearen radiografiak hau erakusten digu: Gero eta auzolan eta komunitate gutxiago, gero eta kontsumo eta indibidualismo gehiago. Irteera indibidualetarantz begira dago inertzia. Zu zara zure proiektu bakarra da lelo nagusia. Eta honek bakardadea, isolamendua eta gizartearen ahotsa isilaraztea dakar. Adinekoentzako elkarte bat, adibidez, bere txikitasunean, bakardadetik irteteko salbamendu-txalupa moduko bat da adineko gizon eta emakume askorentzat. Arratsaldero norbaitekin kartetan jolastu edo kafea hartzeko aukera izatea hil hala biziko kontu bat bihurtu daiteke askorentzat. Bizirik edo hilik sentitzea egon daiteke jokoan, ez baita berdin funanbulista izatea sarearekin edo sarerik gabe.