Síguenos en redes sociales:

Nork ordainduko du faktura?

Politikan ez jarduteko eredua dugu Espainiako Gobernuak eta sindikatuek 2025erako 37,5 orduko lan-jarduna ezartzeko jadetsitako akordioa. Mamiaren gainean eduki ditzakegun iritziak iritzi, logikoa ematen du, akordio batek eragina izan behar badu arlo jakin batean, beharrezkoa dela arlo horretako eragile guztien arteko adostasuna lortzea. Logikoa ematen du, baina egunokin logikoa dena bazterrera jaurtitzen da, arlo jakin bateko batzuen interesak gailentzeko. Horrek, izanez eta egitez, demokraziaren zuztarrak usteltzen ditu.

Lan-harremanen eremuan, nik dakidala, badira bi eragile natural, langileak eta ugazabak, edo enpresaburuak eta beharginak, eta eragile arautzaile bat, Gobernua. Hau da, futbol-partida batean talde bi ditugu, eta arbitroa. Partida hasita dagoela, arbitroak eta taldeetako batek akordioa iristen dute partidaren arauak aldatzeko. Hortik aterako den emaitza ez da bidezkoa izango sekula ere, berdintasunaren erregelek, joko-arauek, legitimitatea galdu dute-eta. Arau ustela, horrenbesterekin.

Arazoa larriagoa da kontuan hartzen badugu akordioaren faktura ordaindu behar duena akordioa sinatu ez duena dela. Txantxa ematen du, gustu txarreko txantxa. Ekoizpen-lana sortzen duenari sakela blastiatzen badiogu, eskua patrikan sartzen badiogu, geure berbak ezertarako balio ez duela erakusten badiogu, zigortuak alde egingo du gugandik. Bide batez esanda, ez dezagun ahaztu hirukote horretatik aberastasuna sortzen duen alde bakarra ugazaba pribatuena dela, eta langileen bizimodua eta enplegu publikoa handik elikatzen direla.

Langileen esparruari gagozkiola, berriz, George Orwellen Abereen etxaldean Napoleonek dioena datorkigu gomutara: hemen guztiok gara berdinak, baina batzuk berdinagoak gara beste batzuk baino. Izan ere, enplegatu publikoei zuzenean aplikatuko zaie 37,5 orduko lan-jarduna. Gauza bera esan ote dezakete sindikatuek langile gutxiko enpresen gainean? Lantegiak Espainiatik atera nahi dituzten enpresen gainean?