Denok gara gauza asko. Inor ez da gauza bakarra. Batzuk besteak baino gehiago hori bai. Begiak itxi eta atzera eta ingurura so eginaz adin ezberdinak, gogo eta irrika ugari, pertsonak non nahi, aspaldikoak eta ez hain aspaldikoak, maitatuak, maitagarriak. Baita gorrotagarriak ere, ahaztutzekoak betiere. Hirurogei ta hamar urte mundu honetan nagoenetik gauza asko izan naiz, naiz eta oraindik izango naizelakoan nago. Biloba izan naiz, amona Ramona dut gogoan. Ez nituen beste aiton-amonik ezagutu ahal izan gazte hil baitziren, gazteegi alajaina, hala nola Manuel, Fortunato eta Luisa! Inoiz ez zuten irudikatuko, ezin, nola aurreikusi beraiek mundu honetatik joan eta beraien iloba batek beraien izenak aipatuko zituztenik tableta batean idatziz etxe beheko taberna batetako terrazan zuhaitz emankor batzuren itzal pearen laguntzaz. Goian beude aipaturiko guztiak. Ba omen zegoen aitona Fortunato abertzalearen anai bat, Paulino izena zuena, Frankorekin geratu zena, familia hautsita omen, betirako, kupidagabe hautsita, aurrez aurre, ezin ikusi. Luisa askoz lehenago hila zen. Ez dut Ramona eta Manuelen berririk, euskaldunak bai, baita euskaltzeak ere, euskal kultura suspertuz frankismoaren garai latz eta ilunetan. Aiton-amonen biloba naiz. Baita gurasoen semea naiz ere, Xixili ama, Inosen aita. Beti bihotzean. Ama, Ramona eta Manuelen alaba erizaina-komadrona arduratsua, Añorga auzoan oso maitatua, pertsona ona, emakume hobea, profesional paragebea, inguruko baserrietako seme-alaba ugari mundu honetara etortzen ezinbesteko laguntzaile eraginkor oso fina. Ezin ahaztu Amnistia legearen ondorioz Karabantxeleko kartzelatik irtetean, oso ordu txikitan, bere besarkada estua, leiala, zintzoa, desesperatua. Gaixoa ama Xixili. Aita herrena, betaurreko duna, “rojo separatista, cojo, peligroso con gafas” zioen polizi frankistaren fitxa malapartatuak. Gudaria, abertzalea beraz, euskal erresistentzian aritutakoa, kartzela urtetan ezgutu zuena, euskaltzalea, erresilentea, idazlea. Jarraituko.
- Multimedia
- Servicios
- Participación