Egun batzuetan ezkortasunak esnatzen nau eta egunaren argia ia beltza dela sentitzen dut. Gaurko albiste tristea izokin koloreko azala duen faxista baten aurpegi alaitsuak sortu du. Trump ustela, belikoa, eta totalitarioa, azken duten arabera, AEBetako boterera itzuliko da.
Egun hauetako basatzaren artean, Valentziako espektakulu tristearen aurrean politikoek egiten ari diren antzerki negargarriarekin, beste faxista batzuk tropelka iritsiak dira hango herrietara lupetzatan salto egiteko eta beren pailazokeriak egiteko. Estolderiaren eskandaluzko mekanismoak mugitzen dira nonahi, gizarte osoaren kalterako, eta betiko legez, Valentzian zein AEBetan, arrazismoa, gorrotoa, eta ultraeskuindarren mezuek irabaziko dute, giro erabat antidemokratikoa sortuz.
Alderdi horiek plaza ederra topatu dute Valentzian lohi horren inguruan beren gezur mordoiloa sortzeko. Eta beren fake news-ek irabazten dutela ikusteak, hein batean, izutzen nau, dena baita manipulazioa. Berdin da Espainiako erregea edota presidentea handik ibiltzea poliziez inguraturik; inork ez daki nortzuk berotzen duten kaosa eta haserrea, nortzuk ausartu ziren eraso planifikatua aurrera eramaten. Euskal Herrian gertatuz gero, ehunka gazte lirateke preso honezkero.
Panorama honekin, hemendik aurrera giza eskubideak txikiagoak izango dira Ameriketan, eta feminismoa eta berdintasuna bultzatzeko eta alerta klimatikoari galga jartzeko ahaleginak murriztuko dira nabarmenki, negazionismo ergelagatik. AEBetan zein Espainian atzerakadaren bidean jarriko dira berriz, zentzuzkoa ez denak eta tentelkeriak sekulako arrakasta baitute mundu honetan.
Trump gruteskoak irabazi du, eta dagoeneko Feijóok eta Abascal faxistak zoriondu dute. Netanyahu genozida izan da munduko lehen liderra Trump zoriontzen. Gauza bera egin du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Argi dago nortzuk diren bere lagunak, eta horrek ere argi uzten du zer-nolako jendilajea den AEBko 47. presidentea.
Leonard Cohenek esan omen zuen: “Batzuetan badakizu zein aldetan egon behar zaren, beste aldean nortzuk dauden soilik ikusita”.