Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Valentzia

Kapitalismoak praktikatzen duen negazionismo klimatikoaren ondorioak pairatu behar izan dituzte, kasu honetan, Valentzian. Negazionismo ilun horri zerbitzu publikoen desartikulatzea gehitzen bazaio, ondorioa, ikusi dugunez, hilgarria gerta daiteke edozein komunitatetan. Badakigu zer gertatzen ari den, badakigu hondamendiak etorriko direla eta badakigu horien lekuko izango garela. Hortik sortzen den galdera sinplea da: zerbait egingo dugu? Zerbait egiten ari gara? Zerbait egingo dute politikariek? Klimaren muturreko forma berriak sarriagotan agertuko dira gure etxaurretan. 

Krisi klimatikoari benetako galga jartzea eta ingurumenaren betiko oreka berreskuratzea gure gizartea babestea ere bada. Horixe izan beharko litzateke gizateriak arduraz hartuko beharko lukeen misioa. 

Azken orduetan Valentzia ikusi dugunak gure gomutak inarrosi ditu berriz. 1983an, Euskal Herriko zati bat ur ero batek hartu zuen, eta Bizkaiko lurralde asko ito egin ziren. Hartan, hildakoak ere gertatu ziren, oker ez banago, 40 inguru. Triskantzak sorturiko kalte ekonomikoak 1000 milioitik gorakoak izan ziren. Bada, horixe bera bizi ari dira Mediterraneoko kostaldeko zenbait herritan. Txikizioa handia izan da, eta handik ailegatu diren irudietan ikus daitekeenez, kaleak erreka handien pasealeku bilakatu dira, zubiak urak eraman ditu arrastaka, eta kotxe metaketa apokaliptikoa osatu da hainbat bide eta karreteratan. 

Ekaitzak ez du urrikalmenik izan eta zoperna generalak tornadoren bat ere ekarri du. Irudiotan, paperak balira bezala, teilatuak airean, dantzan.

Gaua terriblea izan omen da, familia asko eta enpresetako langile asko teilatuetan igota iragan baitute. Badirudi bertako enpresariek ez dutela produkzio-kate hori geldiarazi nahi, alertarako abisua emanik zegoen arren. Batzuk, seguruenik, damututa egongo dira honezkero.

Bitartean, begi guztiak Carlos Mazón (PP) politikariari begira daude. Bere gobernu autonomikoak Valentziako Larrialdietarako Unitatea (UVE) ezabatzeko erabakia hartu zuen. Gaur ikusi da arduragabekeria politiko larria izan dela. Orain, dimisiorik? Alderdi eskuindar horretan?