Asteon Iñigo Errejón politikari espainiarrak dimisioa eman du, andrazko antzezle batek sexu-eraso batengatik salaketa jarri eta gero. Sexu-jazarpenaren aurka, sexu-erasoen aurka… hainbestetan berba egin ondorik, hark egin-egin ei du berak kritikatu eta kondenatzen izan duena. Horrek gogora dakarkit abadeen gainean esaera zaharretan behin eta berriz ageri den ideia hau: gauza bat agintzea da, eta beste bat ematea.
Esaera zahar adierazgarrienetako bat Bizkaitik datorren hau da: “Abadien bierra da gatxena: eurek sinisten eztabena, bestieri sinistu eragin”. On Migel Unamuno eta Jugok ere ideia hori ematen du San Manuel Bueno, mártir liburu ederrean. Izan ere, zaila da norberak sinesten ez duena besteei sinetsaraztea. Zutabe honen izenburuan ageri den gisa, predikatu aurretik praktikatu behar da. Ematen du politikari madrildarrak baduela eskarmenturik predikatzen, ez ostera praktikatzen, zeren 2023. urtean beste salaketa bat jaso zuen beste andrazko batek ezarrita.
Herriaren jakinduria agortezina denez gero, badugu beste esaera zahar polit hau: “Egitea baino, erraitea errexago”. Jakina, prediku errazeko asko topatzen ditugu esanikoa betetzeko egundoko arazoak dituztenak edo, beste barik, ezin dutenak edo esanikoa egin nahi ez dutenak. Asko dira horrelakoak. Sexu-erasoen inguruan dabiltzanetako batzuek, berbarako, Iñigo Errejónek Espainiako Erresuman, eta Alberto Fernándezek Argentinako Errepublikan, ezin dute uztartu euren aldarria eginarekin.
Gainerako alderdi politiko batzuetako aitzindariek urkabe politikora eroan nahi dute salatua. Dena dela, badut itaun bat buruan: orain urte batzuetako jazoerak badira, zergatik plazaratu dira orain salaketak? Cui prodest? Ostera, nik ez dut ezer entzun haren zigor-erantzukizunaren gainean. Salaketak ziodunak badira, zergatik ez du poliziak deitu, besterik ez bada, haren bertsioa zein den jakiteko? Berriro ere politikari batek politikaren arte noblea lorrindu du bere jardun makurrarekin.