Gaur egun, gauzak dauden moduan, ironia ia erabat galarazita dagoen unean, oso gutxi batzuen gustukoak ez diren esamoldeak, metaforak, metonimiak eta enparauko figura erretorikoak erabili ezin daitezkeenean, konplexuz erabat beteta dauden gutxi batzuen irizpideen arabera jokatu behar dugun honetan, badiot nahikoa dela. Honaino. Gaur egun, askatasunaren alde sekula baino gehiagotan aldarriak egiten direnean, jakin behar dugu askatasuna bermatuta dagoela gutxi batzuon irizpideen arabera badoa esaten dena, irudikatzen dena, gizarteratzen dena… bestela ez.
Bihar-etzi, gauzak beste modu batera nahi ditugunean, ironia, iseka, maltzurkeria eta trufakeria arinak adierazpen-eskubidearen agerpen gisa ikusi nahi ditugunean, gaur egun eta bihar-etzi politikoki zuzena ez denaren eta izango ez denaren albotik ibili nahi dugunean, adierazpen-askatasun formala aldarrikatu nahi dut, herri xumeak beti erabiltzen izan duena, aurretik gutxi batzuek ezarritako eskema jakin batzuk alde batera lagata edonork bere adierazpen-mailan esan nahi dituenak esateko askatasuna duelarik besteok esanok horrela hartzeko nahi ditugunean, eduki ditzagun garunak buruan, eta koskabiloak eta alua haien lekuan.
Izan ere, garunak iztaian ditugunean, denbora luzeegia da burezurretik hankartera joateko bidea egin arte (eta alderantziz)? Izan ere, nondik nora doaz gure asmoak, gure ideiak, gure nahiak eta bai… gure nahikariak ere? Zatarra ote da gure nahikariak azaltzea? Zatarra ote da gure gizatasunaren kualitaterik behinenak azaltzea? Prest ote gara gure gizatasunari uko egiteko beste gizaki batzuen aurrean politikoki zuzena den bidean bakarrik agertzeko? Benetan?
Ez naiz Friedrich Nietzscheren zalea, haren nihilismoak gizakion ezaugarri nagusiak gutxiesten dituelako; baina alemaniar filosofoaren aurresanak geroago eta ugariago ikusten ditut neure garaikideon baitan: garunak iztaian ditugu, eta ganora auzoan. Gizakumea geroago eta arinago desgizatzen doa. Katea eten egin da.