Nire aitak esaten zuen bizitza laburra dela, baina zabala. Gauza asko kabitzen direla bizitza batean. Eta nik, aitaren esaldia gogoan, batzuetan pentsatzen dut nola egin bizitza zabaltzeko, egunak izan daitezen ez korridore bat bezain estuak, aldiz, egongela zabal baten edukiera izan dezaten.
Aurrekoan lagun batek esan zidan bere aste barruko egunak honela laburbildu daitezkeela: Etxetik lanera, lanetik supermerkatura, eta supermerkatutik etxera. Nola egin bizitza hori baino gehiago izan dadin…
Eta pentsatu dut, nire lagunak egunero egiten duen erosketa-zerrenda egin beharrean, saiatu naitekeela egiten bestelako zerrenda bat gure bizitza zabaltzen lagun dezaketen osagaiekin. Lehenengo osagaia izan daiteke ikuspegi estutik ihes egitea, adibidez nirekin zerikusirik ez duen norbaiten bizitza gertutik ezagutuz; beste bat, aurreiritziak alde batera uztea eta ume baten jakin-minarekin iristea lekuetara eta pertsonengana; harritzeko gaitasuna ez galtzea; ni bezala pentsatzen ez dutenek esaten dutena entzutea; neure buruak diona entzutea ere bai eta kontuan hartzea; egunero jabetzea inguratzen nauen naturaz, zuhaitzen hostoak kolorez nola aldatzen diren, zerua nola eraldatzen den etengabe; barruan min ematen didana ateratzea eta partekatzea; nire lagunak eta maite ditudanak zaintzea eta nik ere zaindua izateko dudan beharra azaltzea eta laguntza eskatzea behar dudanean; nire askatasuna murrizten duten beldurrak gainetik kentzea; noizean behin gogoratzea bizitza bakarra eta finitua dela; mundu honetan nire aurretik zeudenengandik ikastea eta ni baino beranduago iritsi direnek esan behar dutena entzutea; eta edertasuna bilatzea, beti.
Edertasuna bilatzea musikan, begiradetan, liburuetan, zeruetan, artelanetan, oroitzapenetan, besteekin partekatutako uneetan... Zerrenda askoz zabalagoa da, nahiz eta askotan papera motz geratzen zaigun, bizitza bera bezala.