Eskuin muturrak Austriako hauteskundeak irabazi ditu. Horixe da albiste izatera ere iristen ez den albistea. Kontserbadoreak bigarren izan dira; sozialdemokratak, hirugarren. Badirudi eskuin muturra eta kontserbadoreak ados jarriko direla gobernua osatzeko, ustelkeriak ustelkeria eta desberdintasunak desberdintasun, ekonomia eta migrazioa lotura sendoa baitira elkarrekin ibiltzeko. Gasa eta Errusia, hau da, gas errusiarra, arazoa izan daiteke, baina, aizue, gasari eta petrolioari muzin egitea ez da komeni, Errusiatik edo Saudi Arabiatik zikinduta datozen arren. Eskuin muturrak irabazi ditu hauteskundeak. Orain dela ez asko harritzen ginen, beldurtzen, horrelakoak entzuten genituenean; gaur ohitzen ari gara, eta eskuin muturra bigarren (bigarren!) gelditzen denean hango eta horko hauteskundeetan lasaitu ederra hartzen dugu. Ai, koitaduok!
Ohitzen ari gara, eta ez dakit hori beldurgarriagoa ote den, zeren, irabazten ez badu ere, munstroak ederki baitaki nondik jo, zer-nolako emozioak piztu, nora iritsi eta nola, zein den sakatu behar den botoia bere pozoiarekin jendarte osoa, gehiago edo gutxiago, kutsatu ahal izateko. Horrela, apurka-apurka, migrazioa bilakatzen da jendearen lehen kezka, ideologia faxistena aldarrikatzen duen unibertsitateko irakasle bat babestu behar dela entzuten hasten da, emakumeek oihu gehiegi egiten dutela zabaltzen da edo emakumeak ez direla inoiz baztertua egon arlo horretan edo hartan, LGTBI jendeak pribilegioak dituela eta pobreak euren erruz direla pobre.
Pentsatu nahi dugu Euskal Herria herri antifaxista bat dela berez, gurean ez dela inoiz gertatuko Austria hartan edo Hungaria urrun horretan gertatzen dena, salbu gaudela. Nik ere hori pentsatu nahi dut, hori sinetsi nahi dut, baina mesfidantzaren ausikia nabaritzen dut noizbehinka.
Badirudi orain Austriako kontserbadoreak ez daudela prest eskuin muturraren buruarekin akordioak egiteko, naziegia omen delako, eta alderdi bereko beste batzuk, arrazoizkoagoak, bilatzen ari direla. Eskuin mutur arrazoizkoa; hori bai adar jotzea.