Síguenos en redes sociales:

Aurten bai

Gero eta argiago dugu denok urtea ez dela urtarrilaren 1ean hasten, irailaren 1ean baizik. Nire lagun batek mezua bidaltzen dit urtero irailaren hasieran: “Urte berri on!”. Ondo dakigulako biok irailean hasten dela urte berria: lana duten gehienak irailean bueltatzen dira lantokira, ikastaroren batera apuntatu nahi izanez gero bihar hasten den hilabetea da une egokiena, eta orokorrean etorkizunerako ditugun gure asmo on guztiak irailean zerrendatzen ditugu: aurten bai, gimnasiora apuntatuko gara; aurten bai, gure ingeles zaharkituari distira aterako diogu akademia batean; aurten bai, asteroko menu osasuntsua planifikatuko dugu igandero… Iraila estreinatu gabeko koadernoa da, ikasle garaian ikasturte hasieran usaintzen genuenaren eta idazteko gogoa pizten zigunaren antzekoa. Orri zuri horietan zer idatzi, hori da gehienok egun hauetan buruan duguna. Baina bakoitzarentzako asmo onak idazteaz gain, asmo kolektiboak ere idatzi beharko genituzke. Zer da gizarte bezala ikasturte berri honetarako lortu nahi duguna? Ze ekarpen egin dezakegu indibidualki helburu kolektibo baten alde? Zertan jarri beharko genituzke indarrak? 

Gimnasioa, ingelesa, lan aldaketa edo hurrengo oporretako bidaiak ahalik eta lasterren kontratatzeko asmoekin batera, egin beharko genuke gizarte osoa kontuan hartzen duen zerrenda propio bat. Zer egin dezaket nik nire hizkuntzaren alde ikasturte honetan? Euskara ahalik eta gehien erabiltzeko ahalegina egin dezaket. Zer egin dezaket nik indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde? Nire seme-alabak berdintasunean hezi edo ikusten dudan edozein jarrera matxistaren aurrean nahikoa da esanez erreakzionatu, adibidez. 

Badaude munduan hainbat arazo norberak bakarrik konpondu ezin ditzakeenak, baina erakutsi dezakegu gure jarrera, entzunarazi dezakegu gure ahotsa bidegabekeria askoren kontra. Zer idatziko zenuke “Aurten bai” izenburuarekin estreinatutako koaderno berrian? “Aurten bai”, zer?