Badira, galderak, udaro errepikatzen direnak. Oporrak hartzen ditugunean agertzen direnak. Mailu baten antzera kolpatzen gaituztenak. 

Eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Zergatik guk, Espainiara joaten garenean oporretan, espainolez hitz egiten dugun eta, alderantziz, espainolak gurera datozenean, ez diren saiatu ere egiten euskaraz hitz egiten. Inozoa lirudikeen galdera hau sekulako erantzuna izaten ari da sare sozialetan. Eta denetik irakur daiteke bertan. Ohikoena zera da: guk badakigula espainolez eta ez zaigula kostatzen eta, alderantziz, kanpotik datorrenak, ez dakiela euskaraz. Galderari behar bezala erantzun ahal izateko, ordea, Espainiatik kanpora bidaiatzen dugunean zer egiten dugun galdetzea litzateke. Hau da, gutxitua den hizkuntza bat hitz egiten den leku batera joaten garenean, nola jokatzen ote dugun guk geuk.

Uda honetan, zapaldua izan den eta nortasun handia duen herrialde batean izan naiz. 10 egun egin ditut Eskozian, Highland-etan barrena, herrialdea kilometroz kilometro gozatzen. Une oro izan dut argi non nengoen. Zergatik? Bost elementu oso presente izan ditudalako. Batetik, bandera. Instituzio eta leku historiko guztietan oso argi izan dut zein den lurraldeko bandera. Bestetik, musika. Joan naizen leku orotan, hirietako zein herrietako kaleetan, baina baita mendian ere, bertako gaitajoleekin topo egin ahal izan dut. Hirugarrenik, jantziak. Harro dira mendeetan zehar beren leinuarenak izan diren oihalez egindako jantziak janzteaz. Folkloretik haratagoko erabilera ematen diote lekuko jantziari. Laugarrenik, hizkuntza. Bi hizkuntzatan aurkituko dituzu jakingarriak, ingelesez eta gaelikoz. Eta, azkenik, historiaren kontakizuna. Bertako historiaren zertzeladak eman dizkidatenek, aho bilorik gabe kontatu didate, ingeles inperioak egindako sarraskien berri. Argitu didate zapalduak izan zirela. Adierazi didate, gaur, herri bat direla.

Bertakoen izaeraz blaituta bueltatu naiz, eta ez dut gaelikoz hitz bat bera egin. Euskalduna naizela esatearekin nahikoa izan da, errespetua erakusteko.