Sarritan entzun diogu Arantxa Urretabizkaiari esaten, euskal literaturaren irakurle handienak euskal idazleak direla. Euskaraz idatzitako literatura gehien miresten dutenak eta idazten den literatura aintzakotzat eta erreferentziazkotzat hartzen dutenak, idazleak beraiek direla. Haatik, oso mundu txikia eta itxia dela gurea. Amaitu ohi du esanez, guretzat (idazleontzat) idazten dugula. Gure lagunentzat, alegia.
Hartzailearengan edo helburuko publikoarengan pentsatzean ere, askotan pentsatu izan dugu, bada, ezagutzen gaituzten horiek zer esango, pentsatuko edo sentituko luketen gure lanaren aurrean. Eta agitzen dugu, koherentzian.
Gauza bertsua gertatzen dela iruditzen zait emakumearen inguruan egiten diren ikerketekin eta argitaratzen diren liburuekin ere. Emakumeari eta berdintasunari buruz emakumezko ikerlari eta idazleek ikertzen eta idazten dute. Emakumeei eta berdintasunari buruz emakumezkoek irakurtzen dute. Eta emakumeari buruzko eta berdintasunaren gaineko prestakuntza saioetara, nagusiki, emakumeak joaten dira.
Hau horrela izanik, ez gaitu batere harritzen Nuria Varela (Turón, 1967) idazle eta kazetariari, eta feminismo erradikalean eta genero indarkerian aditua denari, berriki egin dituen adierazpenetan zera entzun izana: emakumea botere gunera heltzen denean, jada, boterea beste nonbaiten dagoela. Desplazatu egin dela, alegia, beste gune batera lekualdatu. Hau gertatu ohi denean, emakumea bi sentsaziok edo frustraziok harrapatzen dute: berandu heldu izanarena, batetik, eta, bigarrena, okerragoa dena, ogi papurrekin gelditu izanarena.
Datu xume batzuek erraz erakusten dute egoera: 2024ko ekainean NBEak egindako azterketaren arabera, munduan 27 dira estatuburu edo gobernuburu emakumezkoa duten estatuak. Beste datu bat: ministro gisa diharduten emakumezkoek, nagusiki, kartera hauen ardura dute: Emakumea eta Berdintasuna, Familia eta Haurtzaroa, Inklusio soziala eta garapena, Babes soziala eta seguritate soziala, eta Herri Indigenen eta Gutxituen aferak.
Zenbakiek erraz hitz egiten dute.