Gogoratzen dut nire lehenengo telefono mugikorra eskuratu nuenean kaletik tramankulu harekin hitz egiteak sekulako lotsa ematen zidala. Oraindik jende gutxik erabiltzen zuen telefono mugikorra garai hartan eta nik lanerako erabiltzen nuen batez ere. Telefono hark antena bat zuela gogoratzen dut, hitz egiteko altxatu behar nuena. Eta egunotan gogoratu dut telefonoarekin lehenbizi hondartzara joan behar izan nuen eguna. Laneko dei garrantzitsu baten zain nengoen eta garai hartan telefonoa hondartzara eramatea lotsatzeko modukoa bazen ere, eraman nuen azkenean. Hondartzan etzanda nengoela deitu zidaten eta nik itzali egin nuen eta komunera joan nintzen deitzera. Nire jarrerak ondo erakusten du hondartzan eserita telefonoz aritzea garai hartan zerbait oso berezia eta arrotza zela eta baita neurri handi batean gaizki ikusia. Ez zen telefonoz hitz egiteko lekua, ezta kalea ere. Gaur egungo neska edo mutil gazte batek ez luke inolaz ere ulertuko egoera hura, haientzat (eta guretzat ere) gaur egun hondartzan telefonoz hizketan egotea edo telefonoari begira egotea gauzarik arruntena baita. Eta iruditzen zait gaur egun dugun etengabeko konexio horrek informazio asko eskaintzen digula eta aukera ere urrun daudenekin konektatzeko, besteak beste, baina, aldi berean, lotuta eta preso gaitu etengabe. Hondartzara toalla eta liburuarekin joaten ginen garai hartan sentitzen genuen askatasuna ez dugu berriz ere sentituko telefonoa etxean uzteko ausardia ez badugu behintzat. Lehen ausarta izan behar baitzinen hondartzara telefonoarekin joateko, baina gaur egun ea nor ausartzen den ordu batzuk mundutik deskonektatuta egotera. Agian poliki-poliki telefonoa etxean uzten hasteko saiakera egiteko garai ona izan daiteke opor garaia. Zeren oporrei buruz hitz egitean beti deskonektatzeaz hitz egiten badugu ere, gure hondartza edo igerilekuetako argazkia ikusita ematen du ez gaudela prest konexio hori galtzeko inolaz ere.
- Multimedia
- Servicios
- Participación