Atzo goizean jakin nuen Espainiako futbol selekzioak Frantziakoa garaitu egin zuela. Edozein hedabidetako orrialdeetara jo, eta bertan zegoen albistea. Beste egunkari batzuetan ia tamaina osoko portada eskaintzen zioten gorria eta horia ondo lerrokaturik dituen selekzioari. 

Ez zait futbola larregi interesatzen, eta are gutxiago Espainiako ekipoa olgetan dabilenean, baina aurten, ordea, interesgarria irudi zait, bertan heroi bilakatu omen direnak Lamine Yamal eta Niko Williams gazteak izan direlako. Bi horien gaztetasun lotsagarriak beste patriota asko asaldatu ditu, eta berehala puztu dira hiru letra dituen alderdi sasi-politiko horri botoa ematen dioten xenofoboen haserre eta ezinegona. Zergatik? Azalaren kolorea bestelakoa dutelako, eta Katalunian edota Euskal Herrian jaio eta etorkinen semeak direlako. 

Batzuek euren espainiartasun apurtezin zornetsua lehenago jarri dute, futbolarekiko zaletasuna baino, eta horrexegatik, milaka arrazista barruak jaten egon beharko dira kulturartekotasun aberatsak ere irabazi egin duelako.

Egia esan, ematen du eskumaren kontrako aldarri globalago bat eratzen ari dela. Frantzia da faxismoaren kontrako borroka horren azken adibidea. Igandean, hauteskundeei esker, Frantziako herritarrek mezu argia bidali diote bertan eratzen ari den eskuin muturrari, irmoki errefusatuz.

Gaurko egunetako Europako bost herrialde handietatik, lauk gobernu ezkertiarra (edo antzeko zerbait) dute, eta horrek, hein batean, adierazten du eskuin muturreko politika atzerakoiek ez dutela gobernu horietan lekurik. Baina kuriosoa da, oraingo eskuin muturrekoek osasungintza, soldata duinak, hezkuntza osoa, edota pentsioak defendatzeko politika aurrerakoiagoa ezker muturreko kontuak direla diote. 

Noraezean dabiltza, eta lotsarik ez dute. Duela egun batzuk agerturiko albiste batek dio 2022ko presidentetzarako kanpainan legez kanpoko finantzaketagatik ikertua izango dela Le Pen eskuindarra, eta Espainiako Kontu Auzitegiak isuna jarri dio hiru letra dituen alderdi ultraeskuindar horri, arrazoi berdinarengatik, finantzaketa irregularrarengatik. 

Absurdoak dira.