Badiote Jorge Luis Borgesek esan zuela Biblia, Iliada eta Odisea idatzi eta gero argitaratu den guztia plagioa dela. Bada, aste honetan Bibliako pasarte bat azaleratu zaigu, izenak eta parajeak bakarrik aldatuta. On Migel Unamuno eta Jugok idatzi zuen legez, anaitasunaren inguruko lehenengo kontakizuna anaia-hilketa bati buruzkoa da. Izan ere, Kainek Abel hil zuen; gainera, Bibliaren arabera, Jaungoikoak Kaini kontu hartu nahi izan zionean, hark ezjakinarena egin zuen esanaz ea bera ote zen anaiaren zaintzailea. Pasadizo horren gainean, Robert Gravesek, ostera, beste irakurketa bat egin zuen, eta, haren arabera, Kainek Abel hil zuen Abelek Kain akabatu aurretik.

Bada, Edengo lurra barik, Kataluniakoa jartzen badugu, Bibliaren pasarte bera ikusten dugu. Kain eta Abel erabili beharrean, ERCko buruzagi eta alderdikideak ipintzen baditugu, egoera bera dugu. Areago, Robert Gravesen irakurketak badu lekurik hemen ere. Nork nor hil nahi du aurretik? Nik anaia hil nahi dut berak ni akabatu aurretik. Etxeko hondakinak barruko garbikuziaz arazi behar badira, ematen du askok ahalegin berezia egin dutela arazoari irteera jendetsua emateko. Horrelakoetan Jaungoikoa ageri da, eta Kaini kontu hartu… barkatu, hedabideak ageri dira eta ERCko kideen jarrera erasokorrak, anaien aurkakoak, aireratu dituzte. Bien bitartean, Abelen kasuan legez, hedabideek ondorengo barik edo lotsagarri uzten badute kataluniar abertzaletasuna, askozaz hobeto! Ene, Jesus!

Gizakia da abere bakarra harri berarekin behin eta berriro estropezu egiten duena. Biblian ageri den legez, judeguek belaunaldiz belaunaldi traizioa, estuproa, hilketa… agertzen dituzte. Hala ere, astakeria horiek guztiak ez dira judeguen ondare, ezpada lurbira osoko gizakionak. Izan ere, Bibliako protagonistak judeguak dira liburu judegua dugulako; horrek, ostera, ez du esan nahi judeguen krimen bereziak direnik, ezpada gizaki guztionak. Halandaze, “astakeria” barik, ez genuke “gizakeria” esan beharko?