Denok gara geure esperientziaren seme-alabak. Baita ni neu ere. Neure motxilan baditut ezagututako alor eta esparru ugari, talde eta erakunde, alderdi politiko, batzoki eta sindikatu, hainbat “ong”, irakasle klaustro ezberdin eta baita instintuko zuzendaritza eta guraso elkarte ugari. Ezagunak ditut, ondo samar gainera, eta luzaroan, halaber Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritza hainbatetan, ezagunak ditut politiko eta funtzionario multzo handia. Eta beti beti, era ezberdinean noski, “inertzia”ren ajea ezagutu izan dut, ”beti horrela izan da”, “beti horrela izan dugu”, borondate onenaz noski. Arriskutzat jo izan dut beti jarrera “natural” hori. Pentsatzen dut, batzuetan behintzat, inertziak hautsi behar direla, behar ditugula, eta, neurtutako ausardiaz, tresnak eta jarrerak, ohiturak eta keinuak bizi-berritu, eta “txapa-pintura” eguneratuagoarekin ekin. Eta traineruaz ere: Beti eta nonahi “trainerua” izan dut gogoan, gogoan eta asmotan. Beti saiatu naiz trainerua nire ipar-orratza izatea nire jarrera guztietan. Taldean eta taldeetan sinesten dut, sinergia bilatzea eta aurkitzea izan da beti nire helburua (batzuetan lortu dudana eta ez besteetan). Traineruan funtzio desberdinak daude, lema zaina eta arraunlariak. Bakoitza bere leku egokian kokatua, bakoitza bere ezaugarrien arabera, sendoak, arinak, pisudunak eta argalagoak, lema zaina aurrera begira, arraunlariak atzera. Guztiok erabaki bera, asmo bera, irrika bera, helburu bera, bakoitzak bere onenak ematen ditu. Taldea, ekipoa, horra hor klabea. Guztiok ezberdinak gara baina asmoz eta jakitez argi eta garbi dugu zer lortu nahi dugun. Norberaren bizitzan ere horrelako arrisku eta aukerak suertatzen zaizkigu. Segurtasuna eta ez hainbateko segurtasuna loratzen zaizkigu sarri geure bizitzetan. Segurtasunak loak errazten digu, segurtasun ezak loa korapilatzen digu. Trainerutan ari garenean ere, teorian argi eta garbi duguna batzuetan zalantzak azaleratzen. Bizitzaren bi aldeak gutxienez eta nire ustez behintzat. Bedi bada.