ZELAKO komeriak ikusi behar ditugun hauteskunde garaian! Aberri egunaren inguruko ekitaldiak izan dira Euskal Herriko hainbat tokitan, bertoko alderdien eskutik. Aberri eguna, Frankismo garaian guztiz debekatua izan zena, Euskal Herria edota Euskal Aberriaren jaieguna da, eta gaur egun, aldarrikapen nazionala izaten du.

Horrexegatik harrigarria egin zait alderdi españolista eskuindar batek identitate argia duen egun horretan eskua sartu izana. Hamaikak ikustekoak jaioak gara, baina PP egiten ari den kanpainaren barruko bere ekimenek lotsa galanta ematen dute.

Egunotan txapela jantzi nahian ikusi ditugu bertako apostoluak, Javier de Andrés lehendakarigaiari men eginez. Izan ere, Alderdi Popularrak ere presente egon nahi izan du Aberri Egunean, eta horretarako, kolore askotako txapelak jantzi dituzte, eta bideo bat egin dute horretarako.

Eskumako alderdi horren ustetan, Euskadik irekia izan behar du, bakoitzak txapela nahi duen bezala janzteko, “pertsona adina modu baitaude txapela janzteko, eta denak dira onak, bat izan ezik, dena ixten duena eta ideia berriak ikusten uzten ez duena, txapela “a rosca” jarrita. Antza denez, Euskadi ireki baten alde egingo du lan alderdi españolistak. Baina denok dakigu, eskumuturreko gorri eta horia daramatela, eta etxeko balkoian Espainiako bandera zintzilikaturik izaten dutela urte osoan.

Txapelaren aldekoak bai, baina euskararen kontrakoak ere bai. Egun hauetan ere irakurri ahal izan dugu txapela jantzi nahi duen alderi berberak Eusko Jaurlaritzak onartutako hizkuntz eskakizunen dekretuaren aurkako helegitea aurkeztuko duela, dekretu horren atzean, kontu ideologikoak eta identitarioak ikusten baititu jende horrek. Euskara ez ote da euskaldun egiten gaituena? Bada identitate kutsu oso nabaria du, ezta?

Alderdi euskarafoboaren ustez, dekretu horrek langileen elementu identitario horiek lehenesten ditu merituen aurretik, eta hori erabat kaltegarria da gizartearentzat. PPk ere badaki euskararen kontrako oldarraldi judizialen olatu horretan ondo surfeatzen.

Txapela buruan eta ibili munduan!!