Bai. Hala da. Guretzat, piztia, euskararen kontrako mamua da. Eta kea, bizi garen seinale. Baina beste batzuek piztia aldarrikatzen dute, piztia gu geu garela ulertuta. Bi irakurketa hauek egin ditugu, batik bat, Garazi Arrula nafar idazle eta editoreak Korrikaren azken egunean egin zuen mezu ezkutuaren irakurketatik.
Pena da, ordea, mamuari jaten eman izana; mamua handiagotuta atera baita kalera eta komunikabideen aurrera. Denbora darama Alderdi Popularrak eta orain Vox-ek, euskara politikatik at uzteko eskatzen. Txanogorritxuren amona bailitzan. Edota, zergatik aitortu ez, mamuaren gona barrenak harrotuta, euskara, behin eta berriro, gudu-zelai bilakatzen. Ez digu ba Vox-ek esango euskara nola aldarrikatu behar den!
Hala ere, Korrika terrorismoa goratzeagatik Auzitegi Nazionalaren aurrean salatu izana ez da albiste ona, ezta desiragarria ere. Are gutxiago, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde kanpainaren hasmentetan. Izan ere, mamuak, kea dagoen lekura haize zirimolak bidaliko baititu, keak forma ezberdinak har ditzan eta guk ke horietan mezu forma gabetuak irakurri ditzagun. Historia errepikatu baizik ez da egiten. Eta otsoak amona du jaten.
Euskararen aldeko gure aldarrikapenak argia eta garbia beharko luke izan. Bat bakarra. Ez luke bere baitan bestelako mezurik edo eta aldarrikapenik bildu behar. Marketinaren lehenbiziko legetakoa da: hartzaile bakoitzari bere mezua. Ez zabartu. Mezuak biderkatuz gero, ez dugu nahi dugun mezua nahi dugun lekura edo nahi dugunarengana hel dadin lortuko. Bigarren legea: gure adierazpen askatasunaren mugak errespetatzean datza arrakastak. Gureak, gure baitangoak.
Mamu bat bakarra izan dezagun aurkari. Nahikoa baita bera. Mamua ez dezagun handiagotu. Mamuak ez gaitzan gu piztiago ikusi.
Ez dezagun, bada, gehiago piztia elikatu. Ez baitugu piztia izan nahi. Ez gehiago.
Lehena, otsoa zen piztia. l