Kontakizunek ez dute iraganarekin zerikusirik, orainarekin baizik, eta, bereziki, egiteke dagoenarekin”. Horixe izan zitekeen idatzi honen, artikulu honen izenburua, baina idatzi dudana, zalantzaz zalantza, garaile irten zait nire duda-muda saioan. Hipokresiak badu zerikusirik: lastotxoa hurkoaren begitan, nirea garden. Bi begirada. Hipokresiak eta zinismoaz josiaz. Bi betaurreko ezberdinak, kontrajarriak. Jarrera bera: tranpa. Lerro hauen bidez zinismo eta hipokresia hauek salatu nahiko nituzke, batzuena eta besteena. Memoria historikoak jokoan. Guztiz beharrezkoa iruditzen zait Frankismoaren memoria historikoa, bere errepresio hiltzaile politiko gupidagabe eta bortitzaren memoria eta, baita ere, izandako ETAren memoria historikoa, bere jarduera odoltsu, sektario eta terrorista begi bistan jartzea. Frankismoa begitan eta ETA begitan. Batzuen eta besteena begitan. Bi jarraitzaile multzoen eta moten begietan. Frankismoari dagokionez, deigarria egiten zait “alzheimer selektiboa”, bai, frankismoari buruzko “amnesia kolektiboa” defendatzen duten baina “ETAren mamua” elikatzen duten horietakoa nahiz eta erakunde terrorista zorionez aspaldi desegin dela jakin, baina oraintxe bertan bizirik balitz bezala argudiatu mezu guztiak. Franko hil zen, desagertu, ETA ez bizirik dirau. Zinismoa. Lastotxoa hurkoaren begitan, ez norberean. Alde batetik, askok, errebantxista ez den Giza Eskubideetan oinarritutako memoria historikoa defendatzen dugun bitartean, Frankismoak zer esan nahi izan zuena eta biktimak duintzen dituen ikuspegi demokratikoan eta bizikidetzan azaltzen duen asmoz, Frankismoari buruzko Memoria Historikoaren aurkakoek diote diktadura militarraren 40 urteak eta haien errepresio basatia gogoratzea zauri zaharrak irekitzea dela. Eta horrela ez dute zalantzarik, halaxe diote: “gerra-zibilismoa” dela diktaduraren sinboloak mantentzearen kritikak edo frankistek eraildako ehunka pertsonaren gorpuzkiak errepide askotako bide bazterretatik ateratzen saiatzea. Franco hila da.