Batzuetan nahikoa da hitz bat aipatzea gure nortasuna eta munduaz dugun ikuspegia azaleratzeko, geure burua deskribatzeko.

Beste batzuetan inkontzientetik irteten zaizkigu hitz batzuk, ihes egiten digute ahotik, eta dena esanda geratzen da.

Hala gertatu zaio Cristina Ibarrolari, Iruñeako alkate ohiari, esan duenean: «Ez nintzateke sekula alkate izango EH Bilduren babesarekin; nahiago dut eskailerak garbitu». Ezin argiago adierazi esaldi bakar batean zer den klasismoa, batzuek hezurretaraino sartuta duten nagusitasun sentimendua, gizartearen sektore batenganako mespretxua.

Ibarrolak dio ez direla ulertu bere hitzak, esan nahi zuela gaizki ordaindutako lan bat egitea nahiago zuela boterea modu horretara irabaztea baino. Baina azken hitz hauek ezin dituzte ezabatu beroan atera zitzaizkion benetako hitzak. Izan ere, beroan irteten dira gehienetan benetako hitzak, erraietatik.

Baina gertatzen da askotan klasista dena ez dela ohartzen bere klasismoaz. Garbitzaileei iraina egin diona ez da konturatzen iraina egin dienik. Gauza bera gertatzen da matxismoarekin. Zenbat jende ezagutzen dudan matxista dena matxista dela jakin gabe. Baina nahikoa izaten da hitz bat, esaldi bat, emakume bat deskribatzeko modu bat, ulertzeko zein den bere benetako ikuspegia, azaleratzeko erroetara lotuta duen matxismoa. Hitz bakar bat nahikoa izaten da batzuetan, bai, dena esanda geratzeko.

Horregatik ez legoke gaizki gutako bakoitzak hausnartzea zer dagoen gure hitzen azpian, zer ezkutatzen den. Noizbehinka ihes egiten dizkiguten hitzetan aurkitu bait ditzakegu hainbat mozorrorekin ezkutatu nahi izaten ditugun benetako iritziak. Ibarrolaren kasuan argi eta garbi geratu da bere mundu ikuskera, baina hemen edonori gertatu dakioke, gai batean edo bestean, politikoki zuzenak diren adierazpenen gainetik, beroaldi batean benetako hitzek ihes egitea.