Mateok ebanjelioan esan zuen legez, bada kristaurik inoren begietan lastoa ikusten duenik, baina begian duen hagarekin ohartzen ez denik. Mateoren pasarte horrek harrezkero formulazio berriagoak hartu ditu; horietako bat: onilaren legea. Izan ere, ura edarratik botilara husten dugunean, onila erabiltzen dugu. Likidoa husten dugun aldetik onilak aho zabal-zabala du, baina, dena delako likidoa botilaren ahotik sartu behar dugunez gero, onilaren beste aldea estu-estua da.
Politikak horren aleak ugari erakusten ditu. Ekar ditzagun hona haietako bi. Lehenengoz, PPren buruzagiek, oposizioan daudenetik batez ere, badihardute esaten beste alderdi gehienek terroristen oinordekoekin egiten dituztela itunak. Baliteke PPren buruzagi horien buruetan ahaztuta egotea zelan Jose Maria Aznar den Espainiako gobernuetan ETAkide gehienak askatu dituena. Eta ondo egin zuen, politikak arazoen konponbidearen bila jo behar du-eta. Oinordekoen kontuaren gainean dihardugula, berriz, baliteke ahaztuta edukitzea herriak legez aukeratutako gobernu baten aurka matxinatu eta Zezenaren Larrua ehunka mila lagunen odolaz busti zutenen oinordetzatik hur-hur daudela.
Bigarren, EHBilduk badihardu aspalditik inori kontuak eskatzen garbitasunaren mesedetan. Ederto. Hori egiten duten alderdi politiko guztiei ongietorria eman behar zaie, politikaren garbitasuna demokraziaren zutaberik sendoenetako bat delako. Kontua da 183.000 euro inguru gastatu duela legez ezarritako parametroetatik gora. Baten batek burura dezake zer jazoko zatekeen EAJk hori egin balu? Bide batez, non daude ezker abertzaleko hedabideak edota espainiar hedabideak? Zerk batzen ditu batzuk eta besteak? Bada, isil-isilik geratzeak batu eta ezaugarritu ditu horiek guztiak. EAJk gauza bera egin balu, inork uste du isiltasun hori izango zatekeela emandako ez-erantzunaren ezaugarria? Edozelan ere, zein hur dauden elkarrengandik batzuk eta besteak. Zelan zen suhiltzaileen, mahuken eta zapaltzearen kontu hura?