ESPAINAKO presidentearen kongresurako lasterketa ia dramatikoa izan da. Botoen batuketa ezinezkoarengatik makina bat gerri-buelta egin behar izan ditu, eta tarte hori probestu dute ultraeskuindarrek haiek bakarrik dakiten demagogia xelebrean dena kakazteko, nahasteko eta izorratzeko. Harrigarria da nolako mingaina gaiztoa duten logikarik gabeko arrazoinamendu faltsuak haizatzeko. Inork ez ditu salatzen esandako gezurrengatik eta osatzen ari diren narratiba faxistagatik.

Bada garaia, zenbat tokitan, hemizikloan, politikan, nahi duten guztia lasaitasun osoz gomita ez dezaten. Horrexegatik interes handiarekin irakurri nuen Nafarroako Parlamentuak hiru letra dituen alderdiaren diskurtso xenofoboa ez onartzeko protokolo bat eratuko duela, izan ere, zenbaitetan, alderdikide totalitario horiek giza eskubideen kontrako esakune eta jokaera arrazistak agertzen baitituzte, eskrupulurik gabe.

Betikoek ohiko diskurtso eta diatriba nardagarriak ahoratzen dituzte, ahoberokeriaz gainezka, enbusteriaz beterik. Gauza bera egin dute egunotan Estatu kolpea esaldi famatuarekin, kontu horiek salagarriak izan daitezkeen inolako tenturik hartu gabe. Espainian apokalipsi politikoa iragartzen zutenengandik esaldi higuingarriak entzun ditugu Madrilen, emakumeen kontra, emigranteen kontra eta haiek bezalakoak ez direnen kontra. Erabat groteskoa da bultzatu nahi duten politika era.

Gauza bera ikusiko dugu orain kolpe bortitza jasan duen Argentinan. Milei sistema demokratikoaren porrotaren isla izango da. Berak esan du eskubide sozialak, eta makina bat ministerio desagerraraziko dituela dena pribatizazioaren alde. Kaltetuenak gizarteko sektore ahulak izango dira berriz. Bolsonaro, Trump, Feijóo, Abascal eta Milei bezalako demagogoek politikari salbatzaile gisa aurkezten dute euren burua, baina ongizatea baino ez dute deuseztatzen.

Denak dira berdinak, ezjakinak, ezikasiak, izan ere, kulturarekiko gero eta interes gutxiago izateak demagogoen pizkundea ekarriko du.