Gerra baten ondoren, norbaitek egin behar du garbiketa, gauzak ez dira bere kabuz ordenatzen, diot nik”. Horrela hasten da Wislawa Szymborskaren Gerraren ondoren poema ezaguna. “Norbaitek bota behar ditu hondakinak arekara, gorpuz betetako gurdiak igaro ahal izateko”, jarraitzen du poemak, eta bertso hauek burutik ezin kenduta nabil egunotan Hamasen erasoaren ondoren, Gazan lehendik ere gogorra zen egoera Israelen erasoekin nola gaiztotu den ikusita. Hamasek Israelen egindako sarraskiaren ondoren, nola heriotzak heriotzari deitzen dion aspaldi errugabeen odolez zikinduta dagoen lurralde hartan. Szymborskak dio bere poeman, gerra baten ondorengo lan guzti horiek ez dutela fotogenikotik ezer, inori ez zaiola interesatzen “kamerak jada beste gerra batera joanak direlako”. Eta pentsarazten dit kamerek jasotzen dutenetik kanpo geratzen den horretaz guztiaz. Zure etxea bonbardatua izan daitekeela dakizunean sentitu dezakezun izua, non argitaratu daiteke besteek berea balitz bezala sentitu dezaten? Herri baten izenean sexualki bortxatua izan denaren bizi osorako zauria, nola erakutsi daiteke ikuslea haren sakontasunaz ohartarazteko? Gerra batean seme-alabak galdu dituenaren gabezia, haserrea, ezinegona, non jasotzen da hori? Nola kontabilizatzen da mina? Nola erakutsi behar da ikusleak berea balitz bezala sentitu dezan? Ez da erraza, mundu honetan besteen mina, mina baino gehiago besteena delako. Nire alaba gerra gupidagabe baten irudiei begira dago telebistan. Ez begiratzeko esan behar nion, baina dagoeneko ikasi du mundua ez dela leku justu bat. “Baina horiek ez dute errurik”, esan dit, bonbardaketa baten ondorioz zaurituta eta aurpegia hautsez zikinduta agertzen diren Gazako ume batzuen irudiak ikusita. Eta nik sekulako ezintasuna sentitzen dut, ez naiz kapaz bere aurrean onartzeko beti dela horrela, gure mundu honetan beti ordaintzen dutela beste batzuen erabakiengatik pertsona errugabeek. Gerra batean, bizitzak trukerako txanpon besterik ez direla.