Asteon inbestidura-saioa ikusi ahal izan dugu Espainiako Diputatuen Kongresuan. Aukera ezin hobea izan dute maila horretan dabiltzan politikariek euren giza maila erakusteko. Batzuek ondo aprobetxatu dute aukera hori, beste batzuek, ostera, hobeto aukerarik izan ez balute.

Edonork dituen iritzi, uste eta aburuak gorabehera, politikariak ezer baino lehen pertsona izan behar du; besteekiko begirunea agertu behar du; hark gizartearen aurrean duen lekuak ematen dion erantzukizunaz jokatu behar du; politikaria ez da norbanako soila, gizartearen ordezkaria da. Zehatzago esanda, gizartearen bekaduna da, gizarteak nahi badu hura dagoen postutik kendu ahal du-eta.

Estrategia politiko batek ez du zuritzen heziketarik eza. Taktika politiko batek ez du arintzen lekuan-lekuan erakutsi behar den jarrera ez izatea. Jarrera politiko batek ez du kentzen horrelako behar garrantzitsuak dakartzan eskakizunak ez betetzea.

Horrela dihardutenek ahaztu ei dute kargu hori herriari esker betetzen dutela; ahaztu omen dute kargu hori herriarena berarena dela; ez bide dira gogoratzen orain hor dauden bezala bihar-etzi hortik kanpo gera daitezkeela, une honetan duten kargura heldu arte zeuden bezala. Horrela dihardutenek ez ei dute gomutan eurak politikaren ispilu direla herritarrentzat.

Izan ere, geroago eta herritar gehiagok geroago eta urrunago ikusten dute euren burua politikatik. Politika nahastu egiten dute jarduera horretan dabiltzan politikari horien izaerarekin eta jardunarekin. Geroago eta herritar gehiagok higuina diote politikari. Geroago eta herritar gehiagok uste dute politikari guztiak txarrak direla, lapurrak direla, ez dakit zer direla. Horrela konturatzen gara hala dihardutenek politikari berari eta gainerako politikariei egiten dieten kalteaz.

Horrelako eretiak baliatzen dituzte politikari populistek boterea iristeko. Gero alferrik da damutzea. Alderdi politikoek erantzukizun handia dute behar den moduko pertsonak jartzeko kargu publikoetan.