Martin Aramendi Ataungo alkateak, UEMAko lehendakari izendatu berri dutelarik, datozen lau urteetarako lan-lerroak zeintzuk izango diren jakitera eman du. Horietako bat, arnasguneetako biztanleen kontzientzia piztea izango dela aipatu du.

Ondotxo gogoratzen dut, lantokian euskara plana abiatu nahian hasi ginenean, lehenbizi, langileen kontzientziatze fase bat ireki genuela eta, horretarako, jatorri soziolinguistiko ezberdinetako kideez osatutako taldeak eratu genituela. Horietako batean, ataundar bat zegoen. Ariketak iraun zuen bitartean, besteek bezala parte hartu zuen, baina ez, beharbada, arnasguneko biztanle batengandik espero zitekeen protagonismoz. Kontzientziazio ariketa bukatu genuenean, ariketa baloratzea eskatu zitzaien. Eta balorazioaz gain, esaldi batekin laburbiltzea egun hartan ikasitakoa edota gainontzeko partaideei adierazi nahiko liekeena. Ia partaide guztiek, ariketa oso ondo baloratzeaz gain, aurrera begira hartu beharreko konpromisoez hitz egin zuten eta egunero-egunero euskaraz aritzearen eta euskararen erabilera bultzatzearen kontzientzia hartzearen beharraz.

Ataundarraren unea heldu zenean, oso ondo baloratu zuen ariketa. Baina kontzientziatzeari zegokionean, berak ez zuela halakorik behar esan zuen, “ni euskaraz bizi bainaiz, baita oztopoekin topo egiten dudanean ere”. Berak, indartuko lukeen ideia, harro sentitzearena dela gehitu zuen: euskaraz bizitzeaz harro sentitzea, kanpotik datorkigun mundua gurera euskaraz ekartzeaz harro, eta datorkizkigun mugei aurre egiteaz harro. Bere ustetan, ez zegoen gain kontzientziatze beharrik, arnasguneetako herritarrak ez gogaitze aldera.

Auzitegi Konstituzionalak udalek euskara hutsean jarduteko aukera ezeztatu izanaz galdetu diotenean, Martin Aramendik zera adierazi du: oldarraldi honen aurrean berdin jarraituko dutela, euskara hutsean, alegia, eta legeak derrigortzen baditu, intsumiso deklaratuko direla.

Intsumisio terminoak, oztopoen aurrean kontzientziatze ariketarik behar ez zuen eta euskaraz bizitzeaz harro sentitzen zen Ataungo gure lankidearen esanak ekarri dizkit gogora.