GOGORA Institutuko Zuzendaria den Aintzane Ezenarrok abuztuaren 27n, igandean hain zuzen, elkarrizketa erabat bikaina eta guztiz esanguratsua eskaini zion Noticias Taldeko egunkariei. Hona hemen jarraian Aintzane Zuzendariaren hainbat adierazpen oso interesgarri, arrapaladan eta jarraian, kontuan izan aurreko astean honetaz ere aritu ginela: “Indarkeriaren epika horrek min handia egin die gure gaurko belaunaldiari eta aurreko beste belaunaldiei (-) guri dagokigu epika hori hauste behar hori, hautsi behar dugu indarkeriaren inguruan egon daitekeen epika hori, eta gure seme-alabei jakinarazi behar diegu argi eta garbi hori ez dela bidea (-) belaunaldi berriei jakinarazi behar diegu oroimenak ez duela soilik balio behar biktimen duintasuna berreskuratzeko eta senideei esateko pairatu zutena bidegabea izan zela, baina baita etorkizun hobea egiteko eta giza duintasuna balio gorena izango duen gizarte bat eraikitzeko ere (-) ezein kausa politiko, ez bestelakorik, ezin dadila giza duintasunaren balio gorenaren aurretik jarri, hori da hain zuzen memoria demokratikoa berreskuratzeak ematen digun irakaspenik handiena (-) 1936ko uztaileko altxamendua gertatu zenean zeuden balio demokratikoei berriro ekiteaz ari gara, eta arituko gara, baita egoera txarrenetan askatasunaren eta demokraziaren balioak defendatu zituzten pertsonen memoria berreskuratzeaz ere. Eta zentzu horretan, batzuentzat oraindik ere bidea dago egiteko”. Eta ni ados nago Aintzane Ezenarrorekin, erabat ados. Memoriaren garrantzia ukaezina da, ukaezina zaigu, gizarte bezala eta Herri bezala. Iragana idatzita dago eta deskriba dezakegu baina ezin aldatu. Etorkizuna aldiz, gure seme-alabei eta bilobei eman diezaiekegun oparirik onena da, idaztear da, denon artean egitekoa, horixe gure ondare osorik eta gure itxaropen bakarra. Egia da hazi asko ez direla inoiz ernetzen baina esan behar da, baita ere, inoiz biltzen ez den fruitu bakarra landatzeko adorerik izan ez dena dela. Gogora(tzen). Aurrera beraz. Bedi bada.