Batzuetan nahiko izaten da keinu bat, haren azpian ezkutatzen den guztia azaleratzeko. Eragin duen guztiagatik, argi dago Rubialesen muxuaren azpian mundu bat dagoela. Muxua izan dela ukitu den tekla bat eragin duena luzaroan injustiziaz puzten joan den puxika batek eztanda egitea. Batzuek muxua testuinguru guzti hori kontuan hartu gabe ebaluatu nahi izan dute. Muxu bat besterik ez dela argudiatu dute, gehiegizkoa izan dela sortu duen iskanbila… Baina muxu horren azpian ez balego mundu bat, berdintasun eza, botere harremanak, mespretxu eta misoginiaz eraikitako mundu bat, muxua, agian, ez litzateke hainbesterako izango. Muxu horren azpian ez balego jokalari horiek emakume izateagatik jaso duten merezi gabeko tratua, agian, beste zerbaitez ariko ginatekeen. Ziurrenez, Espainiako selekzioko jokalariek ez zuten erantzungo hain irmo, hain bat eginik, futbolean jokatzen hasi zirenetik Munduko Txapeldun izan arte egin duten bidean mila mespretxu eta gutxiespen jaso izan ez balute; ziurrenez, emakume askok ez zuen bere haserrea agertuko, bere egunerokoan ere, gutxiespen ugari eta gehiegikeria askoren biktima izan ez balira. Nola ikusten gaituzten. Hori da emakume gehienoi burura etorri zaiguna, eta gogoratu ditugu hamaika pasadizo: gizonezkoak gehiengo diren lan bileran sartzean, kaixo guapa batekin bat batean geure burua gutxiesten ari direla sentitu dugun une hori; edo nagusi batek, gizonezko bati sekula egingo ez liokeen txantxa batekin barre egin behar izan dugun unea… Denok bizi izan ditugu halako egoerak, zeinetan egiaztatu dugun nola ikusten gaituzten askok, guztiaren gainetik emakume, berdin futbolari, ingeniari, mediku edo kazetaria bazara. Guztien gainetik, gizon baten balioen azpitik dagoen norbait. Rubialesek ez ditu futbolariak ikusi munduko txapeldunen artean, futbolean dabiltzan neskak baizik. Bere neskak, noski. Niri behin gizon batek esan zidan sekula ez nuela izango arazorik lana topatzeko “ondo idazten duen neska guapa bat nintzelako”. Nola ikusten gaituzten, nola sentiarazten gaituzten, hor dago arazoa. Hor muxuaren azpian ezkutatzen den mundu-ikuskera bat.