Bera eta bere ingurune klientelarra protagonista dituen gehiegikerien segidaren ondorioz, hileak eta hileak irauten ari dela dirudi, hain da bizia sortuarazitako uhin hedakorra. Deituriko ‘Rubiales’ kasuaz diot, hala ere, ez dira 10 egun ere igaro eskandalua piztu zenetik. Eta futbolzalea izan ala ez, kontua da guztion ahotan dagoela kirol gaiaz asko haratago joanda, nazioartean interes mediatikoko gai bihurtuz. Gainera, berdin du futbolzalea izan ala ez, kontua da guztion ahotan dagoela kirol gaiaz askoz haratago joanda, nazioartean interes mediatikoko gai bihurtu izanez. Era berean, berdin dio Espainiako selekzioaren koloreak geureak direla ala ez sentitzen badugu, emakumezkoen taldeak Munduko Futbol Kopa eskuratu baitzuen, mundu erdian azaleko albistea izanik. Kirol balentria horrek ez zuen merezi maritxulo baldar batek protagonismoa lapurtzea, baina hala izan zen. Ez dezagun ere geure burua engainatu: Rubialesek ez zuen ezer berririk erakutsi bere genitaleak helduz edo Hermoso jokalariari emandako musu zikinaz, munduari argi eta garbi nolako gizona den erakutsi zion besterik ez, hau da, harroputza, makarra, zakarra. Kolpe batez, ziztu bizian, kirol izaerako edozein kontu alde batera utzi zuen eta futbolaren inguruan konplizitate, inpunitate eta pribilegio sarearen atzean dagoen matxismoa zuzenki jarri zuen mahai gainean. Baina orain ez naiz futbol-, botere- edota matxismoaz ari soilik, jarreraz hitz egin nahi baitut. Alde batetik, harroputza, errebantxista, zirikatzailea, gaizkilea eta handikia den tipo baten jokabidea. Gainera, berak egindako ukitzeak biktimari berari leporatuz eta emandako mesedeen ordainketa bere menpekoei exijituz, koldar hutsa da ere. Eta bestetik, selekzioko emakumeen jarrera irmo eta ausarta, lau haizetara askatasun oihua bota baitute dagoeneko nahikoa dela esanez, eta uneka desegiten ari den sistema matxista eta klientelar bat azaleraziz.

Emakumearen duintasuna ukaezinezko balioa da, guztiontzako etorkizunaz kargatutako bake-arma bat.