HEDABIDEEK abuztuan turismoari buruz dakarzkiguten albisteak eskizofrenia pizteko modukoak dira. Egunkarietan makina bat orrialde eta telebistetan, batez ere ETBn, ezin kontatu minutu eskaintzen dizkiote turismoaren marabillak aletzeari: hotelak beteta daudela; han inoiz izan ez den bistari kopuru handiena dutela; dena garestiago badago ere, kontsumo markak hautsi direla; hemen ez dagoela lekurik bazkaltzeko, hegoaldeko bero gehiegizkoak gero eta jende gehiago hurbiltzen duela gurera. Aldi berean, eta hurrengo orrialdeetan edo hurrengo minutuetan, turismoak Bartzelonan, Cinque Terre-n edo auskalo non (ez Donostian, jakina) sortu dituen arazoak azalduko dizkigute. Ekonomia sailean turismoak utzitako euri-zaparradaz arituko dira, gehienon sakelak bustita ez egon arren, eta iritzi sailean norbaitek sermoia botako die turismoaz kexatzen direnei (batez ere, donostiarriei) gogoraraziz beraiek ere turistak direla hiritik ateratzen direnean. Ez da faltako, abuzutan, gaude, deskonektatzearen edo lekuz aldatzearen garrantzia nabarmenduko duen “coach” pare bat. Ahoberoa naizela pentsatuko du baten batek, baina, zin dagit, egun berean hedabideek esan zidaten pozik egon behar nuela, Loiun inoiz izan ez den hegaldi kopuru handiena izan genuelako, eta kezkaturik, zeruetan inoiz izan ez den hegaldi kopuru handiena egon zelako. Eskizofrenia gutxi iruditzen zait.

Badago, noski, turismoaren alde onak eta txarrak orekatu nahi dituen bihotz ustez oneko jende lañoa, “turismo jasangarria” aldarrikatzen duena. Turismo jasangarria oximoron eder bat baino ez da, jasangarri izenondoa daraman ia guztia bezala. Norbait tasa turistikoa ezartzearen alde agertzen bada, agertuko da beste norbait kontra, neurria elitistatzat harturik. Eta abar. Kontraesanak ez du amaierarik, eta kontu osoak, nire ustez, ez dauka erremediorik.

Eta ez dauka erremediorik kontsumoak eta kapitalismoak (hara!) bizi gaituelako. Beti dago krisi larri baten aukera, jakina, beharbada uste baino gertuago egon daitekeena, baina bitartean...