Piztu da aurtengoan ere, aurreko urteetan jada bere burua agerrarazten hasia zen suziria: herrietako jaien antolamendua. Ezagutzen ditugu herriko festetako ekimen gehientsuenak bolondresen bidez egiten direnak; eta ezagutzen ditugu baita ere, herriko festetako programaren zati handi bat azpikontratatuta egiten dutenak. Bigarrena da, teorian, laket ez duguna. Herritarren konpromisorik ezaz gain, partehartzea hozten duen lan egiteko modutzat dugulako berau. Diruagatik baizik egiten ez dena, alegia.

Baina zein da alternatiba? Konpromisodun T-shirt-ak jantzita ibili ohi diren/garen horiek ere, nekea agertzen dute/dugu. Gu hemen lanean, musutruk, beren emanaldia eskaintzen dutenentzako bazkaria prestatzen, eurek izugarrizko tajada ateratzen duten bitartean?

Pasatu ginen hortik ere. Emanaldiak eskaintzen zituztenak ere duban ekartzen zireneko garaiez ari naiz. Profesionalizatu egin behar genituen. Duintasunez ordaindu. Eta hori lortu zen, hein handi batean. Orain, gainontzeko antolakuntzaz arduratzen direnen gogoa eta lana dago ezbaian. Militantziak beherantz egin duela entzuten eta ikusten dugu nonahi. Txanponik ezean, jolasa ez dela errenta. Ez dugu duban lan egin nahi, baina ezta ordainpekoek antolatutako programarik ere.

Aurtengoan, gainera, ticket-bai sistemak endredatu ditu bazterrak. Izan ere, txosnei eskakizun berriak ezartzen dizkio. Bolondres ari diren askorentzako gainkarga bat suposatzen du, zentzu guztietan. Betalde, gogora dezagun, bazirela bolondresen eta kausaren pentsura euren “abuztu” propioa egiten zutenak ere. Hauek dihardute, orain, kexuka.

Bolondresa, berez, emaitza jakin batzuen alde hasten da lanean. Baina ez azkenburukoek edota bitartekariek dirua egin dezaten. Hori horrela izanik, ustiatua sentitzen baita. Izan ere, oso marra fina dago kausaren alde aritzetik ustiatua izatera. Ustiaketa ekiditeko, bada, argi eta garbi azaldu behar da, kate osoak nola funtzionatzen duen.

Katea argituz gero bakarrik erabaki dezake batek, jai duinagoak zeintzuk diren: bolondres ustiatuekin antolatzen direnak, edo...