Gaur zortzi, U23ko hauteskunde osteko emaitzez hizketan arituko gara. Gaur, kanpainaz. Aurreko astean izan dira aurrez aurrekoak. Eta ez gaituzte konbentzitu. Ez formaz, eta are gutxiago, edukiz. Eta bitartean, galdera bat. Nork edo nola bermatu, kanpainan zehar jakitera ematen diren datuak, kolore bakoitzak bere interpretazioaren ertzetik emanda ere, ez direla gezurrak izango?

Urteak daramatzagu kanpainetako buruz burukoei gero eta indar handiago ematen. Eta formalki enkontru horiek estutzen: denbora, gaien blokeak, partehartzeko sistema, jantzita daramatena, aurreko orduetan egin dutenaren berri ematea… hau guztia, komunikazio aholkulariek lantzen dute. Baina gero hautagaiak kamera aurrean jartzen dira eta ikasita daukatena botatzen dute, gidatutako panpinak bailiran, eta bakoitzak agintzen dioten rola betetzen du, gidoitik txintik ere atera gabe. Eta bakoitzak bere hiru lemak (edo hiru gezurrak) kontatzen ditu. Eta ez zaie axola zer esaten duten, hurrengo eguneko lerro-buruek nork irabazi duen esango badute. Eta inor ez da herritarrez gogoratzen. Zirku hauek ikustean herritarrek sentitzen eta pentsatzen dutenaz. Lerro-burura helduko badira.

Aurrez aurrekoak gidatzen saiatu diren kazetariek elkarrizketatuak mugatzea zaila dela esan dute. Noski zaila dela. Sarrera egin, hitza eman eta nahi dutena esaten uzteko ez baita inor behar.

Nik, hurrengo hauteskundeetarako, ez nuke orain arteko aurrez aurreko eta buruz burukoekin jarraituko. Forma hauek ez baitute edukian sakontzen uzten. Forma hauek hautagai guztiak berdintzen dituzte eta ez dute bakoitzaren berezitasunak aurkezten uzten. Azal gogorrena duena ateratzen da irabazle. Ez langileena, programa onena duena, zintzoena, hurbilena edo egiazaleena. Honek guztiak ez du inolako baliorik, gezurraren gainean hazten denaren aurrean.

Beraz, norgehiagokak alde batera utzi eta banan banakako elkarrizketetara jauzi egitea proposatuko nuke, zeinetan, kazetariak ere bere lana egin ahal izango duen: batetik, galderak pertsonalizatu eta, bestetik, gezurrak eta gezurtiak desmuntatu.