EZ zaizue zuei ere gertatzen? Amazoniako basoetan burutzen ari den sarraskiari buruzko irudietan zuhaitz lerden, handi, zahar bat agertzen da, gu jaio baino askoz lehenago bertan arnasten eta erroak lur sakonean hondoratzen ehunka urtez ibili dena, eta ondoan, gizakia, motozerra eskuan duela zuhaitzari begiratzen dio, eta zarata pairaezinarekin batera zuhaitza mozten hasten da. Handik minutu batzuetara, makinaren soinu metaliko gogaikarria amaitzerakoan, landare milenarioak ezin dio bertikaltasunari eutsi eta okertzen hasten da egur kaskatuaren intziriarekin lurra jotzen duen arte. Gizakiak ez ditu bertan geratu den ipurdiaren eraztun horiek begiratuko, botatakoak zenbat urte dituen ez baitu jakin nahi. Nik irudi hori daukat buruan, eta irudi horrek min ematen du. Ez zaizue zuei ere gertatzen?

Naturak dituen ikonoak suntsitzen ari gara kontrolik gabe. Agian irudi lazgarri horiek edertasunarekin loturiko elementuekin dutelako zerikusia dira mingarriak. Hots, gauza bera sentitu ahal da elefante bat tiroz hiltzen denean, leopardo bat, bufaloa, zebra, hartz artikoa, …

Naturaren barruan sinbologia berezia gordetzen dute animalia basatiek, gure manamendutan ohitzen ez direnak, aske eta alderrai dabiltzanak, horrexegatik doloragarriagoa da euren askatasuna eta izaera amaitzea.

Egun hauetan ozeanoetako zetazeoen bizitzak luzamendu bat izan du. Islandiako Gobernuak zenbait hilabetez debekatu egin du baleak arrantzatzea, izan ere, 2024an baleen arrantza bertan behera utziko zuela iragarri zuen, balea-haragiaren kontsumoa jaitsi delako. Hango jatetxe baten atarian balearen haragia ez jateko gomendatzen dizuten kartelak badaude, eta barrura sartuz gero, hortxe duzu balea platerrean.

Baleak eraso masiboa jasan du urte askotan, eta espezie asko galzorian daude gaur egun. Ehizatutakoaren kupo bat ikerkuntzarako erabiltzen omen da, baina horretan ere ezkutuko merkatua dute. Japonia ere hortxe dabil arrantza zientifikoaren izenean ehizan. Irudiak ikusteak tristura sakona sortzen du.

Gizakiok naturan sortzen dugun masakreak lehen espezie hiltzaile bilakatu gaitu.