URBANA Bujanda García, Paulino Bujanda Garcia eta Fortunato Bujanda Garciaren arreba zen. Fortunato Bujanda Garcia nire aitona zen, nire aitaren, Inosenen Bujanda Sarasolaren, aita. Antigua auzoko Matia kalean bizi izan ziren. Nik ez nuen ezagutu ahal izan, 1936 urtean zendu baitzen. Nire aita Inosenek batzutzan hitz egiten zuen bere aitaz, osabaz eta izebaz, Paulinoz eta Urbanaz, Tia Urbanaz.

Tia Urbana prostituta zen, bai. Prostituta. Luxozko prostituta hain zuzen. Gure aitak esaten zuen lez: “Ez zuen ez bularrik ez ipurdirik”. Dotorea zen, oso elegantea, guapa guztiz. Beti, beti, beltzez jantzita. Guztiz erakargarria. Emakume ederra omen zen. Pittin bat makilatua, soilik pittin bat, leun. Nire aita Inosenek zionez betaz hizketan oso maitagarria omen zen, goxoki eta karamelu eleganteak, frantses itxurakoak, oparitzen omen zizkien bere hiru ilobak ziren Benito, Luisa, Inosen, Gerardo, Paki eta Txarori. Papertxo erakargarriz tolestatutako karamelu eta goxoki ezberdinak hain zuzen. Inork ez omen zion gure aita zenari inoiz hain goxoki eta maitasunez hitz egin.

Iparraldean bizi omen. Iparraldean lana egiten omen, Biarritzen inguruan agian. Segur aski, baieztatu gabe, bonbardaketa batean hil omen zen, bonbardaketa alemanaren eskutik omen zetorren, aitaren ustez. Tia Urbana ziur aski, eta, baina, baieztatu gabe, goi mailako ofizial aleman baten maitalea omen.

Fortunatok Bujanda Garciak, ezagutu ez nuen aitonak, ez omen zuen arrebaz hitz egiten, ez zuen hartaz ezer jakin nahi, mespretxu zioen. Fortunato etxetik bota omen zuen arreba. Behin, aitonak haserre bizian horrelako zerbait aurpegiratu omen zion: “Urbana, lo has buscado y lo has encontrado”. Aita Inosenen ustez, ez zen ziur, ez omen zuen berriro ikusi, 1925eko zorigaiztoko egun hartan istripua gertatu zenetik (Antiguako tunelean aita Inosen montadiña eginaz tranbiara igo nahian, labaindu, lurrera erori eta tranbiak hanka moztu belaunaren altura. Montadiña: sosa batzuk poltsikoan gordetzeko bidexka).